Faustegoienako etxebizitzen zozketan akatsa egon zen, eta berriro egin beharko dute

Anboto 2013ko mai. 17a, 12:56

Durangoko Udalak uste du enpresak arduragabe jokatu duela. Horren ondorioz, 2. taldeko zozketa berriro egin behar da eta pertsona kaltetuak ere izan dira. Hori dela eta, neurriak hartu eta kalte ordainak eskatuko dizkio enpresari.

Durangoko Udalak uste du enpresak arduragabe jokatu duela. Horren ondorioz, 2. taldeko zozketa berriro egin behar da eta pertsona kaltetuak ere izan dira. Hori dela eta, neurriak hartu eta kalte ordainak eskatuko dizkio enpresari.

 

Udalak prentsa oharra bidali du, esanez martxoaren 22an Faustegoienako etxebizitzak zozketatzeko egindako zozketa ez zela ondo egin. Zozketaren datuak prozesatzeko erabili zen aplikazioaren enpresa hornitzaile Gesmae Informaticak  bere gain hartu du aipatutako akatsa eta horrela jakinarazi dio, gutun bidez, Udalari. Datuak inportatzean akatsa sortu eta, horren ondorioz, zortzi pertsona geratu ziren zozketatik kanpo. Hori dio udalak bidalitako oharrak.

 

Kontuan hartuta zortzi bizikide unitateak zozketatik kanpo geratzeak urratu egiten dituela zozketatu diren Babes Ofizialeko Etxebizitzak esleitzeko deialdian ezarritako oinarriak eta erkidegoko araudi sektoriala bera ere, 2. taldeko zozketa berriro egin behar da. Guztira 52 etxebizitza dira eta 108 hautagai.

 

Udalak kezka agertu du egoeragatik: "Udala atsekabetuta dago Gesmae Informática S.L. enpresari baino leporatu ezin zaion arduragabekeria honek pertsona horiei sortu dizkien kalteengatik eta, halaber, konpromisoa hartzen du berme guztiak beteko dituen zozketa berria egiteko ahal denik eta lasterren". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!