Euskal Astea, herriko 19 kultur eragileren eskutik

Anboto 2013ko mai. 17a, 12:55

Durangoko Udalean aurkeztu zuten, atzo, maitzaren 24tik ekainaren 16ra arte askotariko kultur emanaldi eta proposamenak eskainiko dituen Euskal Astea

Durangoko Udalean aurkeztu zuten, atzo, maitzaren 24tik ekainaren 16ra arte askotariko kultur emanaldi eta proposamenak eskainiko dituen Euskal Astea

 

Durangoko hamabi elkarteren ordezkariak, eta Durangoko Udaleko kultur arloko zinegotzi eta teknikariak izan ziren atzoko aurkezpen ekitaldian. Urteetan egitarau honen antolakuntzan parte hartu duten elkarteak batu dira, batetik, 2013ko Euskal Astearen egitaraua prestatzeko. Euskal Astean lehenengoz parte hartuko dute, aldiz, beste eragile batzuek: San Antonio-Santa Rita ikastetxeak, eta Arte Bizia elkarteak, esaterako. Irakasle gaiztoak antzezlana prestatzen dihardute San Antonio-Santa Ritako ikasleek, eta ekainaren 3an eta 4an antzeztuko dute Durangoko beste ikastetxe batzuetako ikasleentzat. Egitarauaren aurkezpenean azaldu zutenez, Las Durangas, bizi bizirik ikuskizuna eskainiko du Arte Bizia elkarteak: Inkisizioak XVI. mendeak hil zituen emakume durangarren inguruko ikuskizuna da Las Durangas, eta ekainaren 16an, Andra Mariko elizpean antzeztuko dute.

 

Urteetan Euskal Astearen parte izan diren hainbat ekimen biltzen ditu, baita, atzo Durangoko udalaetxean aurkeztu zuten egitarauak. Durangaldeko Artisten Elkarteak antolatuta, eskolarteko pintura lehiaketaren erakusketa, ez da faltako, aurten ere. Maiatzaren 24tik ekainaren 2ra egongo da Ezkurdiko udal aretoan ikusgai. Bestalde, Durangoko Udaleko euskara sailak antolatzen duen Julene Azpeitia Literatur leihaketaren sari banaketa ekitaldia ere jasotzen du egitararuak: ekainaren 9an, 12:00etan izango da, San Agustin kulturgunean.

 

Dantzari dagokionez, Gerediaga elkartearen eskutik, Dantzaroa emanaldia izango da, maiatzaren 25ean, Ezkurdi plazan. Tronperri taldeak antolatzen duen Euskal Dantzen jaialdian, bestaldea, Zuberoa eta Bizkaiko hainbat herritako taldeetako dantzariak ariko dira, ekainaren 1ean eta 2an. Euskal Astearen egitarauan urte gehien daraman ekitaldietako bat da hori.

 

Musikaren arloan, Durango Hiria txistu konposizio lehiaketaren sari banaketa, eta Gasteizko folklore akademiaren ikuskizuna antolatu ditu Silboberri txistu elkarteak. Ekainaren 1ean izango da emanaldi hori. Bartolome Ertzilla Musika eskolakoek, Jaizale txistulari elkartekoek, eta Sugarri fanfarriak, dantzariek lagunduta kalejira egingo dute, ekainaren 8an, 12:00etan hasita. Bestalde, Tabira musika banda eta Orfeoia, Elgoibarko dultzaineroek eta Debako Aitzuri abesbatzak lagunduta ariko dira, ekainaren 15eko emanaldian.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!