"Hozkailua zabaltzerakoan zergatik jan gura duzun jakitea da gakoa"

Anboto 2013ko mai. 16a, 09:05

Antsietateak, tristurak, aspergurak... jateko gogoa eragiten dute. Elikadura kontzientearen gaineko ikastaroa ematen dabil Ortiz de Elgea Elorrion. Durangon, aste bi barru hasiko dute antzeko ikastaroa

Antsietateak, tristurak, aspergurak... jateko gogoa eragiten dute. Elikadura kontzientearen gaineko ikastaroa ematen dabil Ortiz de Elgea Elorrion. Durangon, aste bi barru hasiko dute antzeko ikastaroa.

 

Gose fisikoa eta gose emozionala desberdintzen dituzue ikastaroan. Zer dira?

Askotan, estresagatik, aspertuta gaudelako, triste gaudelako... edo ohiturengatik jaten dugu, benetan gosetuta egon barik. Jaten duzu, ez zaudelako ondo. Eta adibidez, telebistaren aurrean jaten baduzu, ez diozu gorputzari entzuten, eta krispetak, izozki bat eta esnegainezko bost bonba jan ditzakezu; ez zara konturatzen gorputzak zer behar duen.

 

Hainbat egoera emozional aipatu dituzu.

Bakoitzak bere arrazoiak dauzka. Batek antsietateagatik jan dezake, besteak aspertuta dagoelako... Jateko obsesio horren jatorria non dagoen ikusi behar da, eta behin hori aurkituta, jokabideak aldatu ditzakegu. Jatorria zein den badakizu, hozkailua zabaltzerakoan pentsatu dezakezu: “Zergatik noa jatera, gosetuta nagoelako ala triste nagoelako?”. Triste zaudela konturatzen bazara, konturatuko zara nocilla pote bat edo oilasko oso bat jan eta, gero ere, triste egongo zarela. Horren kontziente izanda, egoera horri buelta ematea erabaki dezakezu, abesti polit bat entzun, lagun bati deitu, paseo bat ematera joan...

 

Janariak lasaitze sentsazio txiki bat sortzen du?

Serotonina sortzen du, eta momentu labur batez sentsazio hori ematen du, baina gero, errudun sentitu zaitezke, pasatu egin zarelako, pisutsu eta beteta sentitzen zarelako. Jaterakoan, zergatik egiten duzun konturatzen bazara, errespetatu egiten duzu zure burua, eta erabaki egin dezakezu. Esan dezakezu, “triste nago, eta horregatik, jan egingo dut”. Txokolate zati bat jan dezakezu, baina ez duzu tableta osoa jango. Kontziente izango zara, eta jaten duzuna gozatu egingo duzu. Ikastaroetan baliabideak eman gura ditugu, kontzientzia lantzeko, entrenatzeko, eta txarto gaudenean, errekurtsoak edukitzeko.

 

Jateko moduak eurak ere aldatu behar ditugu, ezta?

Jende askok bost minutuan bakarrik jaten du. Jateak bere denbora behar du. Maitasuna azkar egiten duzu? Hondartzan igerian azkar egiten duzu? Gauza batzuk astiro eginda gehiago gozatzen dira. Gainera, zenbat eta azkarrago jan, orduan eta gehiago jaten duzu. Urdailaren asetse prozesua hogei minutukoa da. Hogei minutuan hiru bider azkarrago jaten baduzu, hori dena sartuko da. Astiroago jaten baduzu, gorputzak hobeto asimilatuko du jatekoa. Hamaika gauzatan sartuta egoten gara, ardura askogaz, energia asko gastatzen, gogaituta, gure burua zaindu barik. Zainduz gero, burua argiago egoten da, eta arazoak arinago konpondu ditzakezu.

 

Elorrion, Emakume Eskolan eman duzue ikastaroa. Emakumeei modu berezian eragiten die arazo honek?

Emakumeek presio handia daukate, txikitatik politak eta argalak izan behar garela esaten digutelako. Bederatzi urtegaz jada, ume batzuk lodi sentitzen dira. Zelan izan daiteke hori? Umeak dira oraindik! Bizitza osoan besteei gustatzeko presio hori izaten duzu, eta txarrena da, ez diogula galdetzen gure buruari: “Neure burua gustuko dut? Zer gura dut?”. Neska askok hondartzara joateko beldurra izaten dute, ispiluan begiratzekoa... Energia gehiegi galtzen dugu horretan.

 

Gurpil zoroa izan daiteke hori...

Bai. Antsietatea eragiten dizu, jan egiten duzu, txarto zaude, dieta bat hasten duzu, eta horrek antsietatea sortzen dizu. Alboan pertsona bat edukiko bagenu beti esaten “ez egin hau, ez jan hau, ez dakit zenbat kaloria ditu...” pikutara bidaliko genuke. Ba hori da gure buruarekin egiten duguna. Guk kontrara planteatzen dugu; maitasunetik. Gure gorputzak badaki zer nahi duen, hari galdetzen jakin behar dugun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!