Bizikletei pedalak eragiten hasi, dantza jauziekin jarraitu

Anboto 2013ko mai. 9a, 13:06

Ezkurdin hasiko den bizikleta jaiagaz hasiko da zapatuko jaia. Durango eta Iurretatik ibilbidea egin eta gero, dantza ikuskizunen txanda izango da

Ezkurdin hasiko den bizikleta jaiagaz hasiko da zapatuko jaia. Durango eta Iurretatik ibilbidea egin eta gero, dantza ikuskizunen txanda izango da.

 

Hamar kilometroan Durango eta Iurretako hainbat paraje bizikletaz zeharkatzen hasiko da zapatuan 500. aleko jaia. Ezkurdin ekingo dioet ibilbideari 10:30ean, eta Aramotz, Arandia, Kurutziaga eta San Fausto auzoetatik pasatuko da, besteak beste. Adin guztietako pertsonek egiteko moduko martxa izango da.

 

Ezkurdin hasi, eta Ezkurdin amaitu. Plazara gerturatu ahala musika eta jai giroa igarriko dituzte txirrindulariek. Oilasko errearen usaina ere egongo da, eta kopaua hartzeko aukera. Eguerdiko 12:00ak aldera dantza ikuskizunak hasiko dira Ezkurdin: De Norte a Sur, Kriskitin eta L’Atelier dantza taldeek eskainiko dituzte emankizunak, beraz, hainbat dantza estiloz disfrutatzeko aukera egongo da. Eguraldiak laguntzen badu, Ezkurdin bertan izango dira emanaldiak; osterantzean, Andra Mariko elizpean.

 

Kriskitin dantza taldeak Euskal Herriko hainbat txokotako dantzen moldaketak eskainiko ditu. Gipuzkoako agurra, Durangaldeko dantzari dantza, Sagar-dantza, Lanestosako kalejira eta Iparraldeko inauterietako dantzak hartu dituzte oinarri, eta horien moldaketekin egin dituzte koreografiak.

 

Andaluziako folklorea lantzen duen De Norte a Sur taldekoek ere, betiko dantzen aldean, zerbait berezia prestatu dute zapaturako, tartean sevillana heavy estiloko musikagaz. Bilbori eskainitako Neska polita piezagaz ere dantzatuko dute.

 

Dantza ikasleen flashmob-a

Amaitzeko, L’Atelier dantza eskolako ikasleek flashmob bi eskainiko dituzte: batean, 3 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoek parte hartuko dute, eta bestean, 8 urtetik gorakoek. Koreografia horiek Dantzaren Nazioarteko Egunerako prestatu zituzten, eta modan dauden hainbat abestigaz osatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!