Durangoko alde zaharretik Kantubira, bazkalaurretik eztarria berotzeko

Anboto 2013ko mai. 10a, 12:20

Kantutegia eskuan hartuta eta Abadiñoko eta Zornotzako bertsolari gazteekin tabernaz taberna ibiltzeko aukera egongo da, 13:00etik bazkalordura arte

Kantutegia eskuan hartuta eta Abadiñoko eta Zornotzako bertsolari gazteekin tabernaz taberna ibiltzeko aukera egongo da, 13:00etik bazkalordura arte.

 

Euskal kantutegiko abestiekin gozatzen duenak aukera polita izango du zapatu eguerdian; Kantubiran, bertsoak eta abesti ezagunak tartekatuta, bazkalaurreko poteoa egongo da Durangoko alde zaharrean. Kantulagun ekimena gidatzen duten Ugaitz Catalan eta Beñat Aiartza izango dira abestiz abesti joateko arduradunak. Bertsotan, Abadiñoko bertso eskolako Aitor Bizkarra eta Txaber Altube, eta Zornotzako Ander Gerrikaetxebarria ibiliko dira.

 

Hilero-hilero Berbarok eta Plateruenak antolatzen duten ekimena da Kantulagun. Lagunarteko giroan euskal kanta ezagunak abesteko hainbat lagun batzen dira kafe antzokian, eta kalera ere irten dute noiz edo noiz, Catalanen eta Aiartzaren laguntzagaz. Zapatuan, 13:00 inguruan hasiko dute abesti erronda. Horretarako, kantutegia banatuko dute Durangoko alde zaharrean, eta hurreratu gura duen guztiak edukiko du tabernaz taberna kantuan ibiltzeko aukera.

 

Bazkaria eta ekitaldia

Ospakizunekin jarraitzeko, 14:30 inguruan izango da jatordua, Plateruenean, eta bertan jarraituko dute arratsaldeko ekitaldiekin ere. Bazkalostea Oxabi taldeak girotuko du, eta 17:00 aldera, Anbotoren 500. aleko ekitaldi nagusia izango da. Eguna borobiltzeko, Luhartz eta Xabi Urtiaga dj-a izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!