Pasaguneak zabaltzen hasi dira, udalak eta ETSk akordioa lotuta

Anboto 2013ko mai. 9a, 13:17

Joan zen astean polemika piztu zen, hainbat herritar pasagune bat zabaltzen saiatu ostean

Joan zen astean polemika piztu zen, hainbat herritar pasagune bat zabaltzen saiatu ostean.

 

Asteon hasi dira trenbidean hiru pasagune berri egiten. Joan zen astean polemika piztu zen, hainbat herritar pasagune bat zabaltzen saiatu ostean. Ekimen hori eta egun bira, Eusko Trenbide Sareagaz (ETS) akordioa lotua zeukala iragarri zuen Aitziber Irigoras alkateak. Horren arabera, ETSk bere materiala kenduko du: errailak, harriak, trabesak... Gainera, hesiak ipiniko dituzte, segurtasuna bermatzeko asmoz. Gero, udalak egingo ditu pasabide horiek oinezkoentzako erabilgarri. ETSko ordezkariek esan dute udarako pasaguneak zabalik egotea itxaroten dutela. Honako hauek dira bide berriak: Uribarri-Landako, Matxinestarta-Ibaizabal eta Faustebide-Faustebekoa.

 

Polemika egunez egun handitu zen joan zen astean. Eguaztenean, 30 bat herritar pasagune berri bat egiten ahalegindu ziren Uribarri eta Landako artean. Eguenean, ekintzaileei elkartasuna adierazi zien EH Bilduk, eta EAJri “utzikeria” egotzi zion: “Agerian geratu da udal gobernua kezkatuago dagoela irudikeriagaz, herritarren beharrizanak konpontzeagaz baino”.

 

Barikuan iragarri zuen Irigorasek ETSgaz akordioa zeukala, eta tratu hori apirilaren 25ean sinatu zutela. Beraz, ekimenak erabakiagaz ez zeukala zerikusirik adierazi zuen. Baina, ekintzaz haserre egin zuen berba, eta Bilduri egotzi zion. Azaldu zuen bazekiela zazpi zinegotzi ekintzan egon zirela. Haren ustez, Bilduk gurago du batzordeetan lan egin barik “agitazio eta propagandako ekintzak” egitea. Alkatearen ustetan, “30 urteko ibilbideak abala ematen dio”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!