Alkateak azaldu du apirilaren 25ean akordioa lortu zutela Eusko Trenbide Sareagaz hiru pasabide zabaltzeko. Adierazi du iragarpen honek ez daukala zer ikusirik eguazteneko ekintzagaz. Bilduri egotzi dio ekintza, eta gogor kritikatu du.
Astelehenean hasiko dira trenbidean pasagune berriak zabaltzen. Hiru izango dira: Faustebide eta Faustebekoa artean, Matxinestarta eta Ibaizabal auzunearen artean eta Uribarri eta Landakoren artean. Aitziber Irigoras alkateak prentsaurrekoa eman du Mari Jose Balier alkateordeak lagunduta, ETSgaz akordio batera heldu direla azaltzeko. Joan zen eguenean, apirilaren 25ean, eduki zuten batzarra, eta akordiora heldu ziren. Irigorasek esan duenez, Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako kontseilariordea eta Rafael Sarria ETSko ordezkaria egon ziren batzarrean. Alkateak azaldu du hilabeteetako kontaktua dagoela akordioaren atzean; kontaktu hori trena lurperatu zenean sakondu zen. Alkateak esan du oso albiste ona dela Durangorentzat, eta herritarren iritzia kontuan hartu dutela: "Kontrastatua dago herritarrekin eta merkatarien elkarteagaz".
Lurrak jaurlaritzarenak dira, eta akordio honen baitan ez dizkio udalari emango edo utziko. Trenbidean bide bat zabaltzeko baimena emango dio, oinezkoentzako bide bat. Irigorasek esan du pasagune horiek seguruak izango direla, hori izan dela euren baldintzetako bat. Lehenengo, ETS trenbideko materiala kentzeaz arduratuko da -errailak, harriak, hormak...- eta gero udalak urbanizatuko du. Irigorasek esan du oraindik ezin dutela obraren amaiera-eperik eman, ezin dutela esan noizko egongo diren pasaguneak prest.
Bilduri kritika
Irigorasek, eguazteneko ekintzaz galdetuta, esan du Bilduk antolatutakoa izan zela. Badakiela zazpi zinegotzi bertan egon zirela, eta oso gogor kritikatu du koalizioa. Bere ustez, gai hauek lantzeko foroak batzordeak dira, eta esan du Bilduk ez duela hori ulertu, gurago duela horrelako ekintzak egitea, "agitazio eta propagandakoak". "30 urtetako ibilbideak abala ematen dio", alkatearen arabera.