EH Bildu: "Udalaren utzikeria ikusirik, benetan txalotzekoa da herritarren jarrera eraikitzailea"

Anboto 2013ko mai. 3a, 08:31

Udaleko EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute, trenbidean pasagunea egiten saiatu ziren herritarrei elkartasuna adierazteko. EAJren jarrera kritikatu dute

Udaleko EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute, trenbidean pasagunea egiten saiatu ziren herritarrei elkartasuna adierazteko. EAJren jarrera kritikatu dute.

 

EH Bilduko ordezkariek elkartasuna adierazi diete eguazteneko ekintzaileei: "Udalaren utzikeria ikusirik, benetan txalotzekoa da herritarren jarrera eraikitzailea". Euren ustez, herritar horiek lezio bi eman dizkie udalari eta Eusko Trenbide Sareari. Lehenengoa: "Utzikeria ikusirik, beraien iniziatiba propioz ekimenak aurrera eraman ditzaketela". Bigarrena: "Burokrazia instituzionalaren debekuaren aurrean, herritarren imajinazioa eta auzolana, tresna eraginkorrenak direla". Pasagune berria zigilatu zuten udaltzainek, eta brigadak lehengoratzeko lanak hasi zituen.

 

Gobernu taldeak hartutako erabaki eta jarrerak kritikatu ditu EH Bilduk. "Agerian geratu da, udal gobernua kezkatuago dagoela irudikeriarekin, herritarren beharrizanak konpontzearekin baino". Koalizioko zinegotziek galdetu dute ea zergatik gobernu taldeak ez duen bidali brigada pasabideak egiteko, kentzeko bidali duela ikusita.

 

Prentsaurrekoaren une berean, hirigintza batzordea egiten ibili dira udaletxean. EH Bilduko zinegotziek esan dutenez, gaia lantzea erabaki du alkateak, gai ordenetik kanpo egon arren. "Presioak zerbaitetarako balio izan du", esan dute. EH Bilduk pasaguneak zabaltzeko eskatu die udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Gainera, Garraio Sailburuaren agerraldia eskatu du legebiltzarrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!