Amilibiako orubea eta Pinondo, txosnen kokapen posibleak

Anboto 2013ko mai. 4a, 09:20

Ezkurdi da beste aukera, baina udalak ezetz dio \"hainbat ekitaldi antolatzen direlako bertan\"

Ezkurdi da beste aukera, baina udalak ezetz dio “hainbat ekitaldi antolatzen direlako bertan”.

 

Durangoko Udalak txosnak non ipini daitezkeen erabakitzeko proposamenak egiteko eskatu dio txosna batzordeari. Montevideo kalean dagoen Amilibiako orubea, Pinondo eta Ezkurdi izan dira joan zen asteko batzarrean txosnek mahai gainean jarritako aukerak. Txosnetako arduradunek diotenez, “udalak errotazio sistemaren alde egiten du.

 

Guk eskatzen duguna da jaigunetik gertu egotea”. Natxo Martinez zinegotzi jeltzaleak eta jai batzordeko presidenteak azaldu duenez, “Ezkurdi ezin daiteke txosnen gunea izan, jaietan hainbat ekitaldi bertan antolatzen direlako”.

 

Amilibiako orubearen ingurua, Martinezek dioenez, gune pribatu bat da, eta jabeei baimena eskatu beharko litzaieke lehenik. Horrez gain, Landako Gunera bidea egin beharko litzatekeela eta segurtasun neurriak hartu beharko liratekeela gaineratu du: “Udaleko teknikariak aukera hori aztertzen dabiltza”. Txosnak Pinondon jartzea da beste aukera. Aurretik ere leku horretan sarritan ipini dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!