"Akordio zabalen garaia da, eta helburu horrekin eskua luzatu diot oposizioari"

Anboto 2013ko mai. 3a, 15:55

Aktualitateko gaiez eta lehendakari izateak eguneroko bizitzan eragin dizkion aldaketez erantzun du

Aktualitateko gaiez eta lehendakari izateak eguneroko bizitzan eragin dizkion aldaketez erantzun du.

 

Iñigo Urkullu izatetik “Lehendakari Jauna” izatera pasatu zara; zer aldaketa igarri duzu iazko abendutik?

Euskal herritar bezala bizi dezakedan ohorerik handiena da Euskadiko lehendakaria izatea. Diozun bezala, lehendakari izateak aldaketak dakartza eguneroko bizitzan, norberari eta etxekoei, bereziki. Zentzu horretan, oreka bilatu behar da. Hala ere, lehendakaria bai, baina Iñigo Urkullu izaten jarraitzen dut.

 

Alonsotegikoa izan arren, Durangon bizi zara urte askoan. Familia osoa zurekin joan da Gasteizera?

Esan bezala, norberari ez ezik, etxekoei ere eragin die garai berri honek, eta bizilekuz mugitu beharra izan da aldaketa horietako bat. Seme-alabak helduak dira jada, eta bi semeek Durangon bizi izaten jarraituko dute.

 

Zer gertatuko da Durangon Trenaren lurperatzearekin libre gelditu diren lurrekin?

Durango Operazioarekin 60.000 metro karratu libratu dira, eta etxebizitzak eta berdeguneak eraikiko dira bertan. Aurrerapauso bat da Durangorentzat. Lan horien finantziazioa neurri handienean Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu badu ere, herriaren eraldaketa proiektu hau erakundeen arteko elkarlanaren adibide izan da.

 

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak atzera bota behar izan ditu.

Eusko Jaurlaritzak, eta nik neuk, lehendakari bezala, aurrekontuen inguruan akordio egonkor bat lortzeko ahalegin guztiak egin ditugu. Bost bilera erronda egin ditugu talde parlamentarioekin. Baina aldiro egin dugu topo oposizioaren ezezkoarekin, nahiz eta euren proposamenetan aurrera egiteko prest agertu garen.

 

Zelako hartu-emana izan duzue?

Gizarte politikak bermatzen genituela ikusi zutenean, aurrekontuetan diru sarreren atala handitzea nahi zuten. Aukera bazegoela azaldu genienean, hori ez zitzaien nahikoa iruditu, eta ezezkoarekin jarraitu zuten. Oinarrizko dokumentu bat aurkeztu genien, gastua handitzeko sortu daitekeen egoera berria elkarrekin kudeatu eta adosteko proposamena eginez, baina horri ere ezezkoa eman diote. Ezezkoa, beste arrazoirik gabe. Herri mailako akordio egonkor baten aukera eman, eta hala ere, bizkarra eman diote, ez Jaurlaritzari soilik, gizarte osoari baizik. Gobernu honek ahalegin guztiak egin ditu, leialtasun eta sinismen osoa jarriz elkarrizketetan. Ez dugu lortu, onartzen dut, baina oposizioaren blokeo jarrerak ez duelako ahalbidetu.

 

‘Egonkortasun ituna’ proposatu diozu oposizioari.

Akordio zabalen garaia da, eta helburu horrekin eskua luzatu diot berriro oposizioari: Euskadik dituen erronka nagusietan aurrera egiteko, batetik; eta euskal erakundeei egonkortasuna emateko, bestetik. Eusko Jaurlaritzaren ateak zabalik daude, egoera zailetan denen indarra behar dugu.

 

Durangar asko kezkatuta dago kultura eta euskalgintza alorreko murrizketekin.

Euskara eta kulturgintza Gobernu honen bide-orrian daude, dudarik gabe. Euskara eta kulturgintzarik gabe, ez dago herririk. Hori bai, diruz lagunduta soilik ez da euskararen etorkizuna bermatzen, norabidea garbi ez badago. Horregatik, oreka bilatuko dugu aurrekontuak ezartzen dituen zailtasunen eta euskarak eta kulturak behar duten babesaren artean. Euskalgintzak eta kulturak baldintza egokiak behar dituzte zabalkunderako, eta Gobernu honek baldintza horiek bermatuko ditu.

 

Bakegintza arloan, zer pauso geratzen dira emateko?

Euskadik orain arte demokrazian ezagutu gabeko garai bat bizitzen ari gara. ETAren indarkeriarik gabeko aroa. Baina oraindik, urrats garrantzitsu bat egiteko dauka ETAk: armak entregatu eta desagertzeko prest dagoela adieraztea. Euskal gizarteari zor dio. Hori ETAk egin behar du. Bestalde, erakunde eta eragile politikoei dagokigu urrats horiek ahalbidetzea, eta bakea egonkorra izateko baldintzak sortzea; izan ere, bakea ez da indarkeriarik eza soilik. Bakea egonkorra izan dadin, ezberdinen arteko elkarbizitza behar da, orain arteko biktima guztien aitortza eta erreparazioa behar da. Iraganaren irakurketa kritikoa egin behar da, eta espetxe politikan salbuespen neurriekin amaitu behar da. Handia da oraindik lana, eta lan hori, ahalik eta modu isilenean eginez gero, orduan eta hobeto.

 

Eta presoen inguruan?

Beharrezkoa da aurrerapausoak ematea, eta txikiak badira ere, gertatu dira, baina beldur naiz ez ote garen berriz korapilo batean sartu. Zentzu honetan ere, diskrezioz jokatzea izan da nire erantzukizuna. Ekarpenak egin ditut, eta berdin jarraituko dut. Nekaezinezkoa den gai bat da, erantzukizun zuzena beste batzuena bada ere.

 

Independentzia, erabakitzeko eskubidea… Bakoitzak leku batean kokatzen du langa. Zein da jomuga?

Euskal gizartearen borondatea da nire langa. Euskal herritarren ordezkaria naiz, herritarren borondateari bide ematea eta beraiek marraztu nahi duten etorkizuneko Euskadi eraikitzea da nire erantzukizuna. Horretarako, Euskadiri estatus berria eskaintzea da nire proposamena, eta Europan nazio gisa erabateko aitortza lortu eta esparru guztietan autogobernu maila altuenarekin jokatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!