Atzo 30 bat lagunek egindako pasagunea kentzen hasi eta itxi egin du udaltzaingoak
30 bat herritar pasagune berri bat zabaltzen ahalegindu ziren atzo goizean. Uribarri kalea eta Landako batzen diren lekuan egin zuten ekintza, Gaztetxea eta Plateruena kafe antzokiaren arteko tartean. 09:00etan hasi ziren lanean: hesiak kendu, trenbideko egurrak eta harriak atera, zikinkeria batu... Pasagunea zabaltzeko, horma botatzen hasi ziren makina bategaz, eta udaltzainak agertu ziren, 10:00ak aldean. Handik ordu laurdenera ertzainak etorri ziren, baina herritarrak udaltzainekin ibili ziren tratuan. Obra gelditu behar izan zuten, bestela, makinagaz lanean ibliko zena atxilotu egin beharko zutela ohartarazi zutelako poliziek.
Udaltzainen bidez Aitziber Irigoras alkateagaz egin zuten berba, eta antza denez Irigorasek Eusko Jaurlaritzagaz ere bai. Udalak eremu horretan zer egin erabakitzeko prozesu bat hasia dauka, baina lurra jaurlaritzarena da oraindik. Ez zieten baimenik eman.
Baina, ez zen hor geratu ahalegina. Atseden bat hartu eta ideia berri bat otu zitzaien. Hormarik bota ezinik, horiek igarotzeko eskailera batzuk sortu zituzten trenbideko egurrak erabilita. Gainera, trenbidean bertan zementua bota eta baldosak ipini zituzten.
Gaur, eguena, udaltzainek pasabidea kentzeko lanak hasi dituzte, eta zigilatu egin dute.