"Enpresa bategaz dirua irabaztea ondo dago, baina errespetuz ere jardun behar da"

Anboto 2013ko api. 25a, 09:09

Maristak ikastetxeko Unai Mendezek (19 urte, Durango) eta Iker Garciak (17 urte, Durango) RetoAlcoa txapelketako finala jokatuko dute barikuan, Madrilen. Junior Achievement Fundazioak antolatu eta Alcoa Fundazioak babestutako txapelketa honen bidez, gazteek enpresen mundua hurragotik ezagutzeko aukera izaten dute

Maristak ikastetxeko Unai Mendezek (19 urte, Durango) eta Iker Garciak (17 urte, Durango) RetoAlcoa txapelketako finala jokatuko dute barikuan, Madrilen. Junior Achievement Fundazioak antolatu eta Alcoa Fundazioak babestutako txapelketa honen bidez, gazteek enpresen mundua hurragotik ezagutzeko aukera izaten dute.

 

Zertan datza txapelketa?

Unai Mendez: Balizko enpresa bateko administrariak izan gara, eta planteatzen zizkiguten hainbat proba edo erronken aurrean erabakiak hartzeko ardura izan dugu, enpresak ahalik eta hoberen funtzionatu zezan.

Iker Garcia: Zenbat produktu ekoiztu, zer preziotan saldu, marketina zelan landu, ikerketa eta eraberritzea zelan egin… Horrelako erabakiak hartu behar izan ditugu. Txapelketa Interneten garatu izan da.

 

Zein izan da zuen enpresa?

U.M.: Gure enpresa Uniker deitzen da. Parte-hartzaile guztiok (800 ikasletik gora aritu dira) produktu berberak saldu ditugu. Erabakiak ziren aldatzen zirenak. Nork bere erabakiak hartu ditu, eta, ondoren puntuak banatu dituzte. Apurka aurrera egin eta finalera heldu gara.

 

Azaldu ezazue probaren batean hartutako erabakiren bat.

U.M.: Proba batean, hologramak sortzeko gailu bat saldu behar genuen. Zenbat unitate ekoiztu, zenbatean saldu eta marketinera zer kantitate bideratu erabaki behar izan genuen. Hasierako kapitalean asko inbertitu genuen. Epe luzera begirako erabakia izan zen, apurka, gero eta produktu gehiago eta merkeagoak merkaturatzeko helburuagaz.

I.G.: Beste behin, 500 produktu ekoiztu, 300 saldu eta 200 pilatu zitzaizkigun almazenean. Horiei irtenbidea zelan eman pentsatu behar izan genuen. Produktu gehiago produzitu eta prezioa jaitsi genuen, esaterako.

 

Erabakiak hartzerakoan, asko eztabaidatu duzue?

U.M.: Prezioaren inguruan ,produktua merkeago edo garestiago saldu… batzuetan, bakoitzak bere ikuspuntua zuen, baina ez dugu eztabaidatu, ondo elkar hartu dugu.

 

Madrilgo finala zelakoa izango da?

I.G.: Hainbat proba ipiniko dizkigute. Astean behin hartzen genuen erabakia; orain, ordu erdian behin hartu beharko dugu.

 

Telebistan enpresariak epaitegietara sartu-irtenean ikusita, zer pentsatzen duzue?

U.M.: Enpresetako botere guztia dute, toki askotan eragiteko kapaz dira eta, hala ere, ematen du gehiago, gehiago eta gehiago nahi dutela. Enpresa bategaz dirua irabaztea ondo dago, baina horregaz batera errespetuz jardun behar da.

I.G.: Hain zuzen, proba batean erantzukizunez jokatzen zuen, jendeari lagunduko zion eta ingurugiroa errespetatuko zuen enpresa baterako proiektua osatu genuen. GPSa zuen gurpil-aulkiari buruzkoa zen gurea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!