Jesus Maria Pedrosaren oroigarri, bere izena ipiniko diote herriko kale bati

Anboto 2013ko api. 24a, 10:32

Faustegoienako kale bati \'Jesus Maria Pedrosa kalea\' izena ipiniko diote. EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu zuten mozioa atzo, ohiko batzarrean. Bildu eta Aralar abstenitu egin ziren, ez daudelako ados kaleei pertsonen izenak ipintzeagaz, arriskutsua iruditzen zaie

Faustegoienako kale bati \'Jesus Maria Pedrosa kalea\' izena ipintzeak eztabaida eragin du udalbatzarrean.

 

Faustegoienako kale bati Jesus Maria Pedrosa kalea izena ipiniko diote. ETAk 2000n hildako PPko zinegotziaren oroigarri izango da, beraz. EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu zuten mozioa martitzenean, ohiko batzarrean. Bildu eta Aralar abstenitu egin ziren, ez daudelako ados kaleei pertsonen izenak ipintzeagaz, arriskutsua iruditzen zaie.


Juan Jose Gastañazatorrek (PP) Pedrosaren lana goraipatu zuen.  “Ekintza publikoan lan egiteko baloreak ordezkatzen zituen. ETAren aurkako ideia politikoak defendatu baino ez zuen egin”.  Pilar Riosek (PSE-EE), antzeko ildotik, Durangoren alde lan egin zuela: “Lan hau egiteagatik eraila izan zen”. 


Urdaspal Bolinagak (Bildu) esan zuen 2011n toponimia ikerketa egin zuela aditu batek, eta horrek kaleei pertsonen izenik ez ipintzeko gomendioa egin ziela, politikoa izan ala ez. “Diskordia sortzeko balio du”.  Ikerketa horretarako 18.000 euro inbertitzea eta gero praktikan ez ipintzea egotzi zion EAJri. Goiztidi Diazek (EAJ) erantzun zuen ikerketa kontuan daukatela, baina gomendioen kasuan salbuespenak daudela.

 

“Ate bat zabaldu zenuten”
Dani Maeztuk gogoratu zuen, Pilar Ardanza alkateak 1999an erabaki zuela esangura politikodun izenik ez ipintzea, eta Pedrosa hil zutenean egoera errepikatu zela. Baina, irizpidea aldatzea leporatu zion EAJri; 2011n Leizaola eta Rubialen izenak ipintzea adostu zuten EAJk eta PSE-EEk. Izendapenak arrazoi politikoengatik egiteaz kezka helarazi zien jeltzale eta sozialistei: “Hori oso arriskutsua da. Ate bat zabaldu zenuten, eta irekita dago”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!