AKI zentro komertzialari udalak emandako lizentzia errekurritu du Dendak Bai elkarteak

Anboto 2013ko api. 23a, 13:02

Hilabete baten bueltan zentro komertzial berria zabalduko dute Montorretan: AKI brikolaje denda. Udalak emandako jarduera lizentzia legez kanpokoa dela uste dute Dendak Bai elkarteko merkatariek, eraikitzeko muga gaindituta dagoelakoan. Errekurtsoa ipini dute Bizkaidendak elkarteagaz batera

Hilabete baten bueltan zentro komertzial berria zabalduko dute Montorretan: AKI brikolaje denda. Udalak emandako jarduera lizentzia legez kanpokoa dela uste dute Dendak Bai elkarteko merkatariek, eraikitzeko muga gaindituta dagoelakoan. Errekurtsoa ipini dute Bizkaidendak elkarteagaz batera.

 

Dendak Bai elkarteko Guillermo Oarbeaskoak eta Bizkaidendak elkarteko Jose Andrés Cebrecosek prentsaurrekoa eman dute, ipinitako errekurtsoaren berri emateko. Merkatarien ordezkariek adierazi dute Montorretan zentro komertzialak eraikitzeko muga gaindituta dagoela, eta udalak lizentzia emateko egin duen kalkuluagaz ez dute bat egiten. Euren esanetan, udalak AKI zabalduko den lursaila hartu du kontutan bakarrik, Montorretako zonalde osoa hartu beharrean. Azaldu dutenez, 2007an onartutako Arlokako Lurralde Planak, industrialde batean 13.000 metro karratutan ematen du komertzioak zabaltzeko aukera. Diote, orain AKIren lursailean 13.000 metro horiek bete direla, baina industrialde osoa kontutan hartuta 32.400 metro daudela erabilita merkataritzarako.

 

Jaurlaritzak lizentziari baiezkoa eman zion. merkatariek kritikatu dute udalak Eusko Jaurlaritzari emandako datuak ez direla egokiak. "Udalak, interpretazio okerrarekin, akatsera eroan du Eusko Jaurlaritza. Jaurlaritzak bere akatsa konpondu du udala egoeraren arduradun eginez". Lizentzia errekurritzeaz gainera, kautelazko neurri moduan lizentzia hori etetea eskatu dute. Izan ere, AKI hilabete barru gutxi gora-behera zabalduko dela aurreratu dute.

 

Merkatalgune honek komertzio txikiari kalte egingo diela uste dute. "Dendak Bai elkarteak kanpaina publiko bat aurrera eroango du merkatalgune honek herriari eta merkatariei egingo dizkien kalteak erakusteko". Gainera, ohartarazi dute Durango estrategikoa dela EAE mailan, eta zentroak aurrera egiten badu inguruan ere eragina edukiko duela. Ingurua zentro komertzial handi bat bihurtzeko arriskua dagoela-eta, kezka agertu dute.

 

2012ko otsailetik dihardute lizentzia honen kontra egiten. Epaitegietan borrokan jarraituko dutela ere adierazi dute, "ALP bete dadin". Bizkaidendak-eko ordezkariak esan du, kanpaina hau Basaurin Bilbondon garatutakoagaz lotzen dutela. Antza denez, merkatarien aldeko sententzia lortu zuten kasu horretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!