Baserritarrek diote udalak ez duela merkatuko ordenantza aplikatu

Anboto 2013ko api. 17a, 08:00

Birsalmenta ez da eten. Egoera ikusita, herritarrak informatuko dituzte zapatuan. Postu berri bat ipiniko dute, sasoikoak ez diren produktuekin, eta horien jatorria zein prezioak azalduko dituzte

Birsalmenta ez da eten. Egoera ikusita, herritarrak informatuko dituzte zapatuan. Postu berri bat ipiniko dute, sasoikoak ez diren produktuekin, eta horien jatorria eta prezioak azalduko dituzte.

 

Durangoko merkatu plazan produktuak saltzen dituzten hainbat baserritarrek postu berri bat ipiniko dute zapatu honetako azokan. \'Merkatu gardena\' deitu diote. Birsalmentaren bidez saltzen diren produktuak erakutsiko dituzte bertan; informatzea eta arreta erakartzea dute helburu, adierazi dutenez. Produktuak ez dira sasoikoak izango, eta bakoitzaren jatorria, biltegiko prezioa, ekoizleak jasotakoa edota plazako prezioa zeintzuk diren azalduko dute. Esan dute udalak ez duela aplikatu urrian onartutako ordenantza, eta birsalmenta ez dela eten. "Ikusita hemen ez dela ezer gertatzen, gure kontura zerbait egitea bururatu zaigu", azaldu dute. Merkatuaren kudeaketarako batzorde bat sortu da, eta bertan ordezkari bi edukiko dituzte saltzaileek. Baina, ez ei da batzarrik egin: "Ordezkariak batzarrak eskatzen dabiltza, baina udalak ez die jaramonik egin oraindik". Kezka agertu du egoeraz informatu duen baserritarrak: "Denon artean egiten ditugu gauzak eta hasten gara plaza aldatzen, edo usteltzen joango da".

 

Antza denez, baserritar gehiago hasi dira joaten plazara produktuak saltzera. Hori ona dela esan du baserritarrak. Baina, ordenantza aplikatu barik, leku arazoa handiagotu da, dioenez: "Lehen zegoen egoera eskasa, orain eskasagoa da. Udalak ez badu ezer egiten, batzuek segitzen dute zortzi mahai edukitzen eta beste batzuek bat ere ez". Baserritar batzuek etxetik eroan behar izaten dituzte mahaiak.

 

Egoera aldatzen ez bada, zapatukoa lako ekimen gehiago egingo dituztela adierazi dute.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!