Trenbideko pasabideak premiazkoak direla dio PSEk

Anboto 2013ko api. 11a, 17:06

Durango zatitzen duen trenbidean hiru pasabide zabaltzea “premiazkoa” dela azaldu du Pilar Rios zinegotzi sozialistak prentsa oharrean

Durango zatitzen duen trenbidean hiru pasabide zabaltzea “premiazkoa” dela azaldu du Pilar Rios zinegotzi sozialistak prentsa oharrean: “Lau hilabete igaro dira gobernu taldeari (EAJ) hiru pasabide zabaltzeko dagozkion gestioak egin ditzala eskatu genionetik”. Riosek azaldu duenez, Aitziber Irigoras alkateak erantzun die Euskal Trenbide Saretik (ETS) ez duela erantzunik jaso. “Horrek erakusten du zer utzikeria eta kudeaketa txarra duen EAJk gai honetan, udalean zein ETSn”.


Sozialistek diotenez, herriaren zatiketa mantentzen ari dira horretarako beharrizanik barik, eta arriskutsua izan daitekeela azpimarratu dute. “Gazte askok salto eginda pasatzen dituzte hesiak, eta baten batzuek, bidea laburtzearren, trenbidea apurtu dute lekuren batean”. Udaleko brigadak behin-behineko obra bat egiteko eskatzen du PSE-EEk. Hiru pasabide horiek Uribarri eta Ibaizabal kaleen artean, Pedro Pablo Astarloa eta Ibaizabal kaleen artean, eta Fauste Bekoa-Untzillatz eta Fauste kaleen artean daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!