Poliklinika zabalik, karmeldarren konbentu zaharrean

Anboto 2013ko api. 6a, 08:42

Zentro pribatuan erresonantzia zerbitzuak ematen dituzte momentuz; aste pare bat barru, errehabilitazioa eta dialisia eskaintzen hasiko dira

Zentro pribatuan erresonantzia zerbitzuak ematen dituzte momentuz; aste pare bat barru, errehabilitazioa eta dialisia eskaintzen hasiko dira.

 

Intxaurrondoko karmeldarren konbentu zaharra poliklinika izango da aurrerantzean. Mojek 2007an utzi zuten eraikina, eta udalak 2010ean aldatu zituen lurzoruaren arauak osasun zentro pribatua sortu ahal izateko. Eraikinean obrak egin eta gero, dagoeneko zabaldu dute zentro berria. Momentuz erresonantzia zerbitzuak ematen hasi dira, eta pausoak astiro-astiro emango dituztela esan du Noa Urienek, poliklinikaren jabeak. Aste pare bat barru, errehabilitazioa eta dialisia eskaintzen hasiko dira.

 

Urienen arabera, osasun zentro eta ospitalearen erdibideko zentroa izango da poliklinika. Orain arte, hainbat zerbitzutan hutsuneak egon direla uste du, eta horiek betetzeko asmoa daukate. Ospitaleetan ematen diren zerbitzu batzuk handik ateratzea, beraz. Hurrekoa izatea gura dute, geografikoki zein tratuari begira. “Batzuek urtean 156 bider joan behar izaten dute gutxienez Bilbora, Donostiara edota Gasteizera”. Durangaldeko, Debabarreneko eta Debagoieneko biztanleei zuzendutako zentroa izango da, eta normalean egiten dituzten bidaia horiek saihestea lortu gura dute. Bestalde, Urienen ustez, herritar asko “galduta” egoten da arazo bat sortzen zaionean eta, horienganako tratuak ere arduratzen diela dio. Formazioa eskainiko dute zentro berrian; esaterako, erditu aurreko eta osteko egoeren ingurukoa.

 

Sektore publikora begira

Hainbatean, sektore publikoko bezeroek ere zerbitzu batzuk jasoko dituzte bertan. Poliklinikak inguru honetan eskaini ahal duena ikusita, Jaurlaritzagaz hartu-emanetan dabil Urien.

 

Euren eskaintza kalitatean oinarritzea gura dute. Esaterako, dialisi peritoneala sustatu gura dute, beste ereduekin alderatuta abantaila asko ei dauzkalako. Datozen asteetan emango dute hurrengo pausoen berri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!