Administrazio erreformaren aurka egin du udalak

Anboto 2013ko api. 4a, 11:41

Rajoyren exekutiboaren helburua gastuak murriztea da, eta hainbat neurri proposatu ditu

Rajoyren exekutiboaren helburua gastuak murriztea da, eta hainbat neurri proposatu ditu.

 

Espainiako Gobernuak tokiko administrazioen erreforma egin gura du aurten. Mariano Rajoyren exekutiboaren helburua gastuak murriztea da, eta horretarako hainbat neurri proposatu ditu: bikoizketak saihesteko eskumenak gutxitzea, soldatapeko kargudunen kopurua murriztea, 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako alkateek ez kobratzea, udal aholkularien kopurua gutxitzea... Otsailaren 15eko ministroen kontseiluak erreformari ekitea onartu zuen, eta orain ekarpen fasean dago. 2013a amaitu aurretik behin betiko onartuta egotea gura dute, azaldu dutenez. Durangoko udalbatzak erreforma asmo horren kontra egin zuen martxoko ohiko bilkuran, PSE-EEren ekimenez eta Bildu zein Aralarrek babestuta.

 

PSE-EEren iritziz, udalen eskumenak urrundu egingo dira herritarrengandik. Gainera, Aldundira pasatzean, zenbait eskumen pribatizatzeko arriskua ikusten dute, eta ondorioz, zergak igoko lirateke. 200.000 lanpostu publikotik gora galdu ahal direla ere ohartarazi dute sozialistek.

 

Jaurlaritzari eskaera

Mozioa onartuta, Espainiako Gobernuari erreforma erretiratzeko eskatu dio udalak. Gainera, babesa aldarrikatuta, Eusko Jaurlaritzari ere egin dio eskaera: zehaztu ditzala eskumenak Euskadiko Udalen Legea garatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!