"Mola ez zen estatu kolperako bakarrik prestatu; gerrara joateko prest zegoen"

Anboto 2013ko api. 7a, 08:33

Apirilaren 12an Durangora etorriko da Angel Viñas historialaria. Martxoaren 31 pasa berri den honetan, gerra zibilean italiarrek eta alemaniarrek izan zuten esku-hartzea edukiko du berbagai. Hitzaldia Durangoko San Agustin kulturgunean emango du, 19:00etan hasita.

Apirilaren 12an Durangora etorriko da Angel Viñas historialaria. Martxoaren 31 pasa berri den honetan, gerra zibilean italiarrek eta alemaniarrek izan zuten esku-hartzea edukiko du berbagai. Hitzaldia Durangoko San Agustin kulturgunean emango du, 19:00etan hasita.

 

Italia eta Alemaniaren parte- hartzerik barik, zelakoa izango litzateke gerra zibila?

Horren inguruan hainbat espekulazio egin daitezke, baina argi dago Hitlerrek eta Mussolinik Francok irabaztea erraztu zutela. Historiografia frankistak ukatu egin du hori, jakina. Ez dut ezagutzen gaia aztertu duen autore frankistarik, eta zer edo zergatik izango da. Orduko hainbat dokumentu ikertu ditut; frankistak, errepublikazaleak, alemaniarrak, italiarrak, sobietarrak... Eta ondorioa argia da: laguntza nazi-faxista masiboak ez zuen errepublikazaleen aldean maila horretako kontraparterik eduki.

 

Zer zeukaten irabazteko Alemaniak eta Italiak?

Geoestrategiaren ikuspegitik, demokrazien alde egon ahal izango litzatekeen errepublika kendu, eta Frantziaren posizioa ahulduko lukeen erregimena jartzea komeni zitzaien. Hitlerrentzako Frantzia zen aurre egin beharreko lehen etsaia, eta Mediterraneoan Italiaren zabalkundea itxi zezakeena. Armagintzaren ikuspegitik, arma berriekin esperimentuak egin eta teknika berriak landu ahal izan zituzten.

 

Bigarren Mundu Gerrarako prestatzen zebiltzan?

Bai, jakina, eta Alemania batez ere. Gerra ez zuten 1939rako aurreikusi, eta italiarrak nahiko ezustean harrapatu zituen. Hitlerrek oraindik ez zituen guztiz garatu gatazkarako prestaketak, hiru edo lau urtera izango zela aurreikusten baitzuten. Potentzia biek politika errebisionista egiteko interesa zeukaten. Amaieran eraso inperialista bihurtu zena bitarteko politiko, ekonomiko eta diplomatikoekin egin gura zuten hasieran.

 

Noiz ikusi zuen Francok laguntza eskatzeko premia?

Dokumentuetan ageri denez, ia altxamenduaren momentutik. Hori bai, beti eztabaidagai izan dena zera da, ea parte hartu zuten Alemaiak eta Italiak altxamenduaren prestaketan. 1973ko nire doktorego tesian frogatu nuen Hirugarren Reichak ez zuela lagundu. Dena dela, duela gutxi jakin ahal izan dugunez, Calvo Soteloren lagunak italiarrekin berbetan egon ziren 1936ko udaberrian, gerrarako material masiboa lortzeko. Uztailaren 1ean heldu ziren akordiora. Mola ez zen estatu kolperako bakarrik prestatu; gerrara joateko prest zegoen, bere ondorio guztiekin.

 

Zelakoa izan zen kolpisten eta Mussolini eta Hitlerren arteko hartu-emana?

Ez zen beti ona izan. Mussolinik Espainiako abentura ahalik eta arinen amaitu gura zuen. Francok gerra luzatzeak kalte egiten zion, bere helburuetarako behar zituen kapital politiko eta diplomatikoak gastatzea zekarrelako. Hitlerri ez zion horrenbeste ardura. Beste potentziek gerra hartan zuten arreta ipinita, eta Asia aldeko boltxebikeen kontrako borrokari propaganda egiteko balio izango zion.

 

Bonbardaketek helburu militarrez gain, zibilak ere izan zituzten. Zergatik?

Zibilen kontra eraso egitean, erresistentziaren adorea apurtuko zutela uste zuten. Euskal lurretako bonbardetekin, alemaniarrak erasoen prestaketen garrantziaz jabetu ziren, gero antzeko erasoak egiteko Frantzian, Belgikan, Holandan eta Luxemburgon.

 

Zergatik ateratzen zituzten bonbardaketen argazkiak?

Erasoen eraginkortasuna aztertzeko. Bonbardaketen aurretik eta ondoren egindako argazkiak konparatuta, teknikek zelako emaitzak izan zituzten ikusiko zuten, eta horren arabera, hurrengo bonbardaketetan zelan jokatu eta zelako bonbak erabili erabakiko zuten.

 

Durangoko hitzaldian interbentzio horren alderen bat nabarmenduko duzu?

Bai. Wolfram von Richthofen koronelak, Durango, Eibar eta Gernikako bonbardaketen ostean txosten bat aurkeztu zion Berlini, eta haren gainean hitz egingo dut. Stefanie Schüler-Springorum historialariak helarazi dit txostena, eta bere laguntza eskertu gurako dut.

 

Zer azaleratzen du txostenak?

 

Alemaniako eta Italiako bonbardaketen eraginak konparatzen ditu, eta etorkizuneko erasoetarako gomendioak ematen ditu. Horrez gainera, hiri bakoitzeko suntsipen portzentajeak ematen ditu. Kalkulu akats batzuk badaude, esaterako, Durangoko biktimen kopuruan. Txostenean, gainera, argi geratzen da Gernikako bonbardaketa ez zela helburu militarren kontrakoa izan, lehergailudun bonbak eta bonba su-eragileak erabili zituztelako. Suteak eta suntsipen orokorra lortu gura zuten. Orain arte, dokumentuetan ez da horrelakorik zuzenean agertu.

 

 

Gertatutakoa nahikoa ikertu da?

Ildo orokorrak bai. Orain, Xabier Irujoren eta Schüler-Springorumen lanek etorkizun handiko bidea zabaldu dute. Frankistek suntsitu egin zituzten dokumentu asko. Geratzen direnek eta Alemaniako dokumentuen azterketa zehatzagoak berri gehiago ekarri beharko lituzkete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!