Gerrako umeak eta irakasleak gogoan hartuta

Anboto 2013ko api. 2a, 12:27

Erbesteratuak izan ziren gerrako ume haiek eta zigorra jaso zuten irakasleak. Horiexek hartu dituzte gogoan bereziki, aurten, Durango bonbardatu zutena 76 urte bete diren honetan. Eskarne Aroma Lejarretak, gerrako umea, irakaslea eta lehenengotako gau eskola haietako irakasle, eta, euskararen militantea izandakoak egin zuen lore-eskaintza

Erbesteratuak izan ziren gerrako ume haiek eta zigorra jaso zuten irakasleak. Horiexek hartu dituzte gogoan bereziki, aurten, Durango bonbardatu zutena 76 urte bete diren honetan. Eskarne Aroma Lejarretak, gerrako umea, irakaslea eta lehenengotako gau eskola haietako irakasle, eta, euskararen militantea izandakoak egin zuen lore-eskaintza.

Aromaren figuran ume, irakasle, euskaltzale... haiek eduki gura izan dituzte gogoan Gerediaga elkarteak, Kriskitin dantza taldeak eta Durangoko Udalak martxoaren 31n antolatutako oroimen-ekitaldian.

 

\"\"

 

Aurten 76 bete dira Durangori eraso ziotela. Hirurehun pertsonatik gora hil ziren, eta ehundaka lagun zauritu, "bihotz barnean bizi guztian iraun zuten zauriekin" ere bai. Horrela gogoratu gura izan dute Gerediagak, Kriskitinek eta Durangoko Udalak: "Eraso haiek kezkaturik eta lur honek etorkizuna izan zezan agintariek ehunka ume Frantzia, Belgika, Ingalaterra eta Errusiako lurretara kanporatu zituzten. Erabaki gogorra. Gurasoen ondoan egon behar ziren haurrek, urruneko lurretan, etxea eta etxekoak zituzten gogoan, eta, etxean, gurasoek seme-alaben falta sufritzen zuten". Batzuk erbeste horretan denbora bat egin eta gero itzuli ziren. Beste batzuk betirako han gelditu ziren, euren jaioterritik urrun.

 

Bestalde, martxoaren 30ean, 75 urte bete dira agintari militarrek udaletara bidalitako gutun baten bidez euskara erabiltzea debekatu zutela Durangaldean. Besteak beste, hasi berriak ziren lehenengo ikastolak legez kanpo geratu ziren hamarkada luzeetan: "Baina, gerraren irabazleek argi zuten kultura fusila bera baino arma beldurgarriagoa zela eta horregaitik ez zezaketen utzi gizarte berriaren zutabeak izango diren umeak edozein maisu gorrik eskainitako ikasketen gerizpean haztea". Gaineratu dutenez, irakaskuntza ere "garbitu" beharra zegoen eta horretan saiatu ziren. Durangaldeko 33 maisu-maistra (19 andra eta 14 gizon) epaitu eta zigortu zituzten. Gerediagak, Kriskitinek eta Durangoko Udalak gogoratu moduan, "batzuk irakaskuntzatik kanporatu zituzten, beste batzuk urruneko eskoletara bidali; isunak ere ordaindu behar izan zituzten, besteak beste". Durango eta Iurretan zazpi zigortu zituzten: Eugenia Aberasturi Onandia, Román Álvarez de Eulate González de San Pedro, Maria Natividad Ercilla Lorenzo, Ramón Gómez Martin, Maria Loreto López Ruiz, Fernanda Otegi San Martín eta Carmen Vila Monja.

 

Urtero moduan, bonbardaketaren ondorioak gogoratu gura izan dituzte Gerediagak, Kriskitinek eta Durangoko Udalak; urtero aldarrikatu moduan, "berriro gertatu ez dadin". Baina, "baita erbesteratuak izan ziren umeak gogoratzea ere, zigorrak jaso zituzten irakasleak goraipatzea. Lerro artean ahal izan zuten bezala benetako hezkuntza baten alde lan egin zutenak oroitu eta... nahiz eta debekatua izan gure euskara irauten lagundu zutenei eskertzea".

 

Bestalde, Durangoko Udalak Gerra Zibilaren biktimak oroitu zituen hilerrian, eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertaratu zen.

 

 

Apirilaren 12an, hitzaldia

Apirilaren 12rako antolatutako ekitaldi berezi batekin amaituko dute 1937ko martxoaren 31n gertatutako bonbardaketa gogoratzeko osotutako egitaraua. Angel Viñas historiagileak Alemania e Italia y la Guerra Civil Española berbaldia eskainiko du, 19:00etan, Durangoko Arte eta Historia Museoan. Durangoko bonbardaketari buruz Alemanian oraintsu aurkitutako dokumentu eta datu berriak emango dituela iragarri dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!