Madalenako ermita zaharberritu du udalak

Anboto 2013ko mar. 25a, 13:22

Durangoko Udaleko lan-brigadak zenbait lan egin ditu hiriko mikro-ingurumena hobetzeko, udalak jakitera eman duenez. Proposamenak udaleko teknikariek, zinegotziek eta herritarrek eginikoak dira

Durangoko Udaleko lan-brigadak zenbait lan egin ditu hiriko mikro-ingurumena hobetzeko, udalak jakitera eman duenez. Proposamenak udaleko teknikariek, zinegotziek eta herritarrek eginikoak dira.

 

Ekimenetako bat Madalenako ermita zaharberritzea izan da. Madalena ingurua tradizio handiko dela azaldu du udalak:"Neurriz txikia izan arren, erdigunean kokatuta dago, eta egonleku zein iragan-leku moduan erabiltzen da. Ondoko etxeko lanak amaitu ostean, ikusgarriago eta erabilerrazago dago". Aitziber Irigoras alkateak berak eskatu zuen ermita eta bere ingurunea "nabarmentzeko" ekimenak egitea: “Madalena Durangoko auzoetan ikur berebizikoa dugu. Ermita Durangoko ondare historikoa da, eta horrexegatik hain zuzen ere, zaindu eta geroratu beharra dugu”.

 

 

Duela hilabete batzuk aurrealdeko lorategiak atondu zituzten, eta orain arkupea berriztatu dute. Harlauzak masa arrakalatuzkoak ziren, urarentzako bide barik. Estoldak ere ez zeuden behar den moduan, eta ermitako ataria ez zegoen erabilgarri.Orain ur-estoldak behar den moduan egokitu dituzte, atariko maila kendu egin dute eta arkupe guztian hareazko lauzak jarri dituzte. Obraren parte bat udaleko lan-brigadak egin du aste baten, eta udaleko biltegian gordetako materiala erabili dute. Ez da lizitaziorik egin eta gasturik ere ez da egon, mantenu-lanetarako behar izan diren materialak salbu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!