Herriko udal-eraikin eta iturrietako argiak itzaliko ditu Durangoko Udalak, gaur, 20:30an. Horrela, WWFk bultzatutako Lurraren Ordua deritzon klimaren aldaketaren kontrako mundu mobilizazioagaz egingo du bat. "Berotze globalari bat eginda bakarrik egin diezaiokegula aurre" erakutsi gura dute ekimenagaz.
Udaletxea, Lariz dorrea, Arte eta Historia museoa eta Santa Ana arkuko argiak itzaliko dituzte, besteak beste, udal arduradunek ohar baten bitartez jakin eragin dutenez. 2009an egin zuen bat Durangoko Udalak Lurarren Ordua kanpaina horrekin. Klimaren Aldaketaren kontrako udal ordenantza onartu zuen udalak eta negutegi-efektua sortzen duten gasak murrizteko herrian CO2 isuria gutxitzeko konpromisoa ere hartu du; horretarako, Klima Aldaketaren Aurkako Programa sortu du (2012-2015). WWFk bultzatutako Lurrarren Ordua 2007an egin zen lehenengoz, herrialde bateko hiri baten bakarrik azaldu dutenez. 2009an, 88 herrialdetako 4.159 hiritako monumentu ezagunenen argiak itzali ziren eta, 2012an, 150 izan ziren parte hartu zuten herrialdeak: "Ekimenarekin 1.000 milioi pertsonak bat egitea lortu zuen ekimenak, munduko biztanleriaren ia seirenak", nabarmendu dute helarazitako oharrean.
Aurtengo kanpainaren helburua munduko 7.000 hirietako biztanleak mugiaraztea da, tenperatura gehitzearen kontrako ekimen honi laguntza ematen zaiola erakusteko, gogoratu dute udal ordezkariek. Durangoko Udalak mugikortasun jasangarrian oinarrituta zehaztu ditu CO2 isuariak murrizteko betebeharreko helburuak: joan-etorriak bizikletan egitea; energia kontsumoa murriztea udal-argiteria publikoan eta udal eraikinetan; ingurugiroa hobetzea, 2008an onarturiko Ordenantza bidez, etxebizitzak eta bulegoak eraikitzen direnean; jabekideen komunitateetan gutxiago kutsatzen duten berogailu sistemak aldatzea sustatzea…
WWF-ren Lurraren Ordua kanpainak hiritarrak partehartzea bultzatu nahi du, eta baita udalek, enpresek, ikastetxeek, unibertsitateek, hedabideek eta ekimen global honekin bat egin nahi duten bestelako erakundeek ere. Guzti-guztiak, garrantzi handikoak izateaz gain, aktore inportanteak baitira klima aldaketan eragiteko.