Larrialdietarako zortzi etxe erregulatu ditu udalak

Anboto 2013ko mar. 20a, 12:17
Etxeak bizitzeko moduan egokitzea izango da udalaren hurrengo pausoa

Etxeak bizitzeko moduan egokitzea izango da udalaren hurrengo pausoa

 

Durangoko Udalaren jabegoko zortzi etxebizitza larrialdi kasuetarako prest gongo dira aurrerantzean. Martitzeneko udalbatzarrean, etxe horien erabilera zehazten duen arautegia onartu zuten. Zortzi etxeetatik bi bakarrik daude guztiz ekipatuta; gainerako seiak bizitzeko moduan egokitzea izango da udalaren hurrengo pausoa, Goiztidi Diaz EAJren bozeroaleak azaldu duenez.

 

Eskatzaileek beste etxe batera joateko baliabide ekonomikorik ez daukatela erakutsi beharko dute, eta gehienez sei hilabetez erabili ahal izango dute etxea. Intxaurrondon daude etxeetako batzuk. Besteak beste, honako kasu hauetan eskatu ahal izango dute etxe batean sartzea: familiarteko arazo larri batek segurtasuna arriskuan ipintzen duenean, etxea jausteko zorian dagoenean edota ezbeharren bat gertatzen denean –suteak edo uholdeak, adibidez. Aralarrek uste du zortzi etxe beharrizan horietarako lar direla, eta udal ondarea alokairurako erabiltzea eskatu dute. Horregatik guztiagatik, kontra bozkatu duten bakarrak izan dira.

 

Bildu alde agertu da, baina proposamenetan, beharrak arrazoitzeko datuak eskatu ditu: “Ez dakigu zortzi etxe behar diren edo ez”. PSE-EEk esan du neurria behin-behinekoa dela, baina lehenengo pausoa dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!