'Parot doktrina' indargabetzea eskatu du Durangoko Udalak

Anboto 2013ko mar. 20a, 09:09
EAJ, Bildu eta Aralarren botoei eskerrak atera da aurrera mozioa. Gaur aztertuko dute Estrasburgon Ines del Rio euskal presoaren kasua, eta zigorren luzapena arautzen duen doktrina legezkoa den edo ez erabakiko dute epaileek. Herrira mugimenduak mobilizazioak deitu ditu Elorrion (19:30ean plazan), Durangon (19:30ean Andra Marian) eta Otxandion (20:00etan), besteak beste

EAJ, Bildu eta Aralarren botoei eskerrak atera da aurrera mozioa. Gaur aztertuko dute Estrasburgon Ines del Rio euskal presoaren kasua, eta zigorren luzapena arautzen duen doktrina legezkoa den edo ez erabakiko dute epaileek. Herrira mugimenduak mobilizazioak deitu ditu Elorrion (19:30ean plazan), Durangon (19:30ean Andra Marian) eta Otxandion (20:00etan), besteak beste.

 

Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa onartu zuen atzo Durangoko Udalak, EAJren babesagaz. 197/2006 doktrina,  \'Parot doktrina\' legez ezagutzen dena indargabetzea eskatu dute. PSE-EE abstenitu egin zen, eta PPk kontra egin zuen. Bilduko Urdaspal Bolinagaren ustez, garaile eta garaituen diskurtsoa atzean uzteko sasoia da, "konponbiderako goera batetan gaude". Horregatik, PSE-EE eta PPri euren jarrera aldatzeko eskatu zien, PPri gogor eginez, gainera: "Gorrotoaren bidean zaudete". Aralarreko Dani Maeztuk esan zuen argi dagoela lege hau mendeku doktrina bat dela. "Giza eskubideen kontrako neurria" dela adierazi zuen. EAJko Goiztidi Diazek bere taldearen jarrera berretsi zuen, legebiltzarrean hartutako erabakiari jarraituz.

 

PSE-EEko Pilar Riosen iritziz gai oso konplexua da juridikoki. Gainera, gaia udalaren eskumenetatik gaindi dagoela azpimarratu zuen: "Biharko (gaur) erabakiak argituko du guztia, eta horri itxarotea da arrazoizkoa". PPko Juan Jose Gastañazatorrek doktrinaren alde egin zuen: "Tratu berdina emango genieke pertsona bat hil duenari eta historial luzea daukanari".

 

Gaur egingo du auzi saioa Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handiak Ines del Rio presoaren egoeraz. 2012ko uztailean arrazoia eman zion Tafallako presoari, baina Espainiako Gobernuak helegitea ipini zuen. Gaur aztertuko dute berriro gaia, baina baliteke erabakia gaur bertan ez ezagutzera ematea. Erabakiak 71 euskal presori eragingo lieke; 54 libre geratuko litzateke, zigorra beteta, luzapena betetzen daudelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!