Kandelen argiagaz gogoratuko dituzte bonbardaketaren biktimak

Anboto 2013ko mar. 19a, 13:06
Bonbardaketaren 76. urtemugaren harira prestatutako ekitaldien aurkezpena egin dute Aitziber Irigoras alkateak eta Jon Irazabal Gerediagako kideak

Bonbardaketaren 76. urtemugaren harira prestatutako ekitaldien aurkezpena egin dute Aitziber Irigoras alkateak eta Jon Irazabal Gerediagako kideak.

 

Kandelak piztuz gogoratuko dituzte 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren biktimak.  76. urtemugaren egunean bertan egingo dituzte ekitaldi esanguratsuenak, ohi den legez. Baina, aurreko egunetarako ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Horien guztien aurkezpena egin zuten martitzenean Aitziber Irigoras alkateak eta Jon Irazabal Gerediagako kideak, eta azaldu zuten bezperan herritarrekin batera kandelak isiotuko dituztela Andra Marian, faxisten erasoaren ondorioz jende gehien hil zen lekuan. Kandelekin, elizpeko lurraren marrazki geometrikoa osatuko dute. Gainera, lazo zuriak banatuko dituzte. Irigorasek arrazoitu du: “Oroimenaren ezaugarria ahalik eta jende gehienak eduki dezan”.  Biktima guztiak omenduko dituzte, ez hildakoak bakarrik.

 


Hilaren 31n, goizeko 09:30ean egingo diete Gerra Zibilaren biktimei omenaldia kanposantuan. Gero, 12:30ean, Gerediagak eta Kriskitinek eratutako oroimen ekitaldiaren txanda izango da, Andra Marian.

 


Dokumentu berria
Gainerako ekintzen artean Angel Viñas diplomatikoak eskainiko duen berbaldia nabarmendu du Irazabalek. Apirilaren 12an izango da, eta bonbardaketan Alemaniak eta Italiak eduki zuten arduraz jardungo du. Dokumentu berriren bat ere ekarriko ei du.

 


Bestalde, Gerediagako kideak gogoratu du aurten 75 urte direla aginte militarrak Durangaldean euskara debekatu zuenetik. “Gerra Zibilean lehenengo erasoa izan zen euskara desagertzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!