"Zaintza lanak babesteko, gehiago inplikatu beharko lirateke instituzioak"

Anboto 2013ko mar. 15a, 08:30
Migrazioei buruz berba egiterakoan, emakumeen errealitatea gutxitan aztertu dela adierazi du Trinidad Vicente soziologoak. Durangora etorri da, arrazakeriaren kontrako astea dela-eta hitzaldia ematera. Emakume etorkin bakoitzaren atzean mundu bat dagoela azaldu du

\"\"Migrazioei buruz berba egiterakoan, emakumeen errealitatea gutxitan aztertu dela adierazi du Trinidad Vicente soziologoak. Durangora etorri da, arrazakeriaren kontrako astea dela-eta hitzaldia ematera. Emakume etorkin bakoitzaren atzean mundu bat dagoela azaldu du.

 

Atzean utzitakoa, migrazioaren helburua, jatorrizko herrialdea, egoera pertsonala... Pertsona migratzaile bakoitzaren motxilan oso gauza desberdinak daude. Etorkina hitza entzun eta lan bila datorren gizonaren irudia etorriko zaio askori burura. Migrazioei buruzko ikerketei generoaren ikuspegia ematea garrantzitsua da Trinidad Vicente Deustuko irakaslearen ustez; “gizarteko desberdintasun egoerak migrazioan ere eragiten du”.

 

Badago emakume migratzaileen profilik?

Ezin da orokortu. Gauza asko hartu behar dira kontuan: nazionalitatea, klasea... jatorrizko lekuan izan dituzten baldintzak eta heldu diren lekukoak kontuan hartu behar dira. Gauza asko edukiko dituzte komunean, baita bertoko emakumeekin ere, baina gauza oso desberdin asko ere badituzte. Emakumeen eta gizonen arteko gizarteko desberdintasun egoerak migrazioan ere eragiten du.

 

Gizonen eta emakumeen migrazioetan desberdintasunak daude?

Bai. Esperientziak desberdinak izaten dira, eta migrazioak etxeetan daukan inpaktuak ere bai. Aukera berdinak ere ez dauzkagu, politika migratorioek euren selekzioa egiten dute. Pertsona bakoitzak azkenean bere testuingurua dauka. Lan arloan, orain pentsa daiteke gizon etorkinei krisiak gehiago eragin diela. Gizarte osoari eragin dio, baina askotan aipatzen da eraikuntza sektorea, eta hori gizonen arloa izaten da. Edozelan ere, ez dugu ahaztu behar etxeko lanen eta zaintzaren sektoreak oso prekarioak direla, eta emakume etorkin askok hor topatzen dute lan irteera.

 

\"\"Migrazioen gaineko ikerketetan emakumeen errealitatea gutxi landu dela diozu.

Bai. Etorkinei buruz berba egiterakoan, izan dugun irudia gizonarena da, bakarrik etorri den gizona, lan bila, eta gero familia ekartzen duena. Ideia hori nahiko barneratuta daukagula uste dut, eta mundu akademikoan ere hori eduki dugula; ez dugu azterketarik egin emakume etorkinen egoera ezagutzeko. Dakiguna da, geroago eta emakume gehiago etortzen dela bakarrik. Galdera asko egitea falta zaigu oraindik.

 

Emakume etorkin askok zaintzan eta etxeko lanetan behar egiten dutela azaldu duzu. Iaz etxeko langileen legea aldatu zen. Egoera hobetu dela esango zenuke?

Lehenengo nabarmendu gurako nukeena zera da, lan arlo horretan sartzeak ez daukala zerikusirik euren formazio mailagaz; horretan lan egiten dute, arlo horretan beharra dagoelako eta lan nitxoak direlako. Orain arte ez zen kontraturik egin behar, eta egoera hobetu egin da; lan istripuen aitortza ere badago, esate baterako. Dena dela, lan prekarioak izaten jarraitzen dute, eta hori aldatzeko aldaketa sozialak egon beharko lirateke. Instituzioak gehiago inplikatu beharko lirateke zaintza lanetan. Alzheimerra duen gaixo batek, esaterako, egun osoko zaintza behar badu, kasu horretan soldata duina ordaintzea hiru langileren soldata ordaintzearen parekoa izango litzateke, eta familiek ezin dute hori egin. Hori horrela izateak ez du egoera justifikatzen: instituzioak gehiago inplikatu beharko lirateke.

 

Euren migrazio proiektuan, esperotako fruituak jasotzen dituzte?

Egoera oso desberdinak daude. Zergatik etorri diren eta zer lortu duten galdetuz gero, uste baino erantzun ezberdinagoak izango genituzke. Batzuk ikastera etorriko dira, beste batzuk bikotekidearengana, besteak genero indarkeria kasuetatik ihesi, asko seme-alabak utzita euren migrazio proiektuagaz... Denek beharko dute lan merkatuan sartzea, bizitza maila bat izateko. Asko eragingo du askatasun graduak, etxera bueltatu edo herrialdez aldatzeko askatasunak... Eta maletan daroazunak; formazio maila batek agian ez dizu lagunduko lan bat topatzen, baina egoera batzuei aurre egiten lagundu ahal dizu. Galderak egiten hasiko bagina, errealitate asko ikusiko genituzke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!