Monoplaza baterako esekidura mekanizatzen ari dira Maristetako 30 bat ikasle

Anboto 2013ko mar. 11a, 08:28
Motibazioa eta ilusioa dira lanean gustura aritzeko erremintarik onenak. Osagai horiek ikasleen eskura ipinita, Maristak ikastetxeak erabateko inplikazioa lortu du proiektu berri baterako. Maristetako erdi eta goi mailako 30 bat ikasle mundu mailako lehiaketa batean aurkeztuko den monoplaza baterako esekidura mekanizatzen ari dira

Motibazioa eta ilusioa dira lanean gustura aritzeko erremintarik onenak. Osagai horiek ikasleen eskura ipinita, Maristak ikastetxeak erabateko inplikazioa lortu du proiektu berri baterako. Maristetako erdi eta goi mailako 30 bat ikasle mundu mailako lehiaketa batean aurkeztuko den monoplaza baterako esekidura mekanizatzen ari dira.

 

\"\"

 

Iñaki Narbaiza irakasle eta proiektuko koordinatzaileak ikasleen inplikazioa nabarmendu du: “Sarritan, pieza bat egin eta armairuko apal batean geratzen da. Zirkuitu batean probatuko duten monoplaza baterako esekidura egitea motibazio handia da ikasleentzat”.

 

Formula Student du izena mundu mailako lehiaketak, eta urtero abiatzen du Erresuma Batuko ingeniari mekanikoen institutuak (The Institution of Mechanical Engineers). Lehiaketaren xehetasunak webgune batean dituzte: www.formulastudent.com.

 

Ingeniaritza eskolatik

Bilboko San Mames ingeniaritza eskolako 60 bat ikasle dabiltza monoplaza sortu guran. Azpitaldetan banatuta dute lana, eta horietako batek esekiduraren ardura du. Puzzleko une horretan sartzen da jokoan Maristak ikastetxea. Monoplazako esekiduren diseinua mekanizatzea proposatu zieten, hau da, planoetan dagoena benetako bihurtzea. Maristak ikastetxeak proposamena onartu eta 30 bat ikasle buru-belarri dabiltza horretan.

 

Guztira, ia 400 piezek osatzen dute esekidura: 200 bat aluminiozkoak dira, eta 140 altzairu herdolgaitzezkoak. Pieza horiek ikastetxean bertan egiten dituzte. Baina horiez gainera, badaude beste 40 bat pieza fundiziora eroango dituztenak.

 

Beraz, piezarik gehienak Maristak ikastetxean bertan egiten dituzte erdi mailako ikasleek, txirbil-harroketako mekanizazio prozesua erabilita. Baina beste pieza batzuk konplikatuagoak dira, eta Urduñako fundizio batean egingo dituzte. Horretarako, lehenengo eta behin pieza horien moldeak diseinatu behar dituzte diseinuko ikasleek, ondoren fundiziora bidaltzeko.

 

Ikasleen motibazioa

Formula Student lehiaketa uztailaren 3tik 7ra egingo dute Ingalaterrako Silverstone zirkuituan. Normala den moduan, hitzordu garrantzitsu horren aurretik, monoplaza muntatzen dutenean, San Mames ingeniaritza eskolakoek probak egingo dituzte Montmello zirkuituan. Testuinguru horretan, ikasleak jo eta su dabiltza piezak ahalik eta arinen prest egon daitezen: “Jai duten astean ere, etorri egingo dira ikasleak. Euren burua eskaini dute horretarako. Proiektuan inplikatuta daude. Badakite euren lana nazioarteko lehiaketa baterako dena. Konpromiso handia sortu da”, dio Narbaizak.

 

Horregatik, posible bada, datozen urteetan ere proiektu honetan parte hartzeko prestutasuna erakutsi dute: “Mantentzea gustatuko litzaiguke. Bagenekien proiektu garrantzitsua zela, eta gure eguneroko eskolak ere hor zeudela, baina ikasleen partetik, oso erreakzio ona jaso dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!