Maria Jose Arana teologo feminista egon da asteon Durangon, Jesuitek gonbidatuta. Alazne Uribarri, berriz, Hazi Fundazioko zuzendari teknikoa da; Baserririk baserri Eusko Labelen proiektua azaltzen eman zituen lehenengo pausuak. Biak ala biak arduradun emakumeak dira. Aukera berdintasunaz aritu dira, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta.
"Elizarako ere, gizarterako eskatzen den berdintasuna eskatu behar da"
Maria Jose Arana teologo feministak hitzaldia eman du Durangon beginei buruz. Emakume erlijiosoak ziren beginak, eta parrokian lan egiteaz gainera, umeekin, gaixoekin eta txiroekin egiten zuten lan. Izaera independientea zuten, eta horrek hainbat zigor ekarri zien; Durangon bertan, heresia salaketak izan zituzten.
Kristautasunaren historian, emakumeen lana ezkutukoa izan da.
Erdi Aroan emakumeek halako estatus bat izan zuten Elizan, baina Trentoko kontzilioagaz, guztiak klausuran sartzen ahalegindu ziren. Vatikano II.agaz eta Juan XXIII.agaz ematen zuen gauza batzuk lortu zirela, baina gero geldialdi handi bat egon da, batez ere, Juan Pablo II.agaz.
Gaur egun, zelakoa da emakumeen egoera Elizan?
Lan asko dago egiteko. Ideologia mailan esaten da, gizartean emakume eta gizonen berdintasuna oso garrantzitsua dela; bada, berdintasun hori Eliza barruan ere eskatu behar da. Denok izan behar dugu bokazioa bizitzeko aukera berberak. Emakumeok elizan peoiak gara, eta erabakitzeko lekuetan egon behar dugu.
Aita Santu berriak zer erronka eduki beharko luke?
Niretzako oso garrantzitsua da kontsekuente izan eta esaten dena elizaren barruan bizitzea. Itxaropen mezu bat eman beharko lioke munduari, ebanjelioaren balioetan oinarrituta. Bizi garen munduari asko entzun beharko lioke, eta bereziki eskatuko nioke emakumeak entzun ditzala.
Gertu ikusten duzu emakumeak abadetzan egon ahal izatea?
Gauzak astiroegi doazela uste dut. Apurka-apurka bagabiltza lanean, eta gizonak ere konprometitzen dira; Bizkaiko Abadeen Foroak idatzi bat egin du emakumeen abadetza eskatzen. Gizonak ere inplikatu behar direla uste dut; berdintasunean, elizan eta gizarte osoan. Aldatzearen garrantziaz jabetu behar dira.
“Hasieran, batzar askotan emakume bakarra nintzen; hori aldatzen dabil”
Baserririk baserri Eusko Labelen proiektua azaltzen jarduten hasi, eta gaur egun, Hazi fundazioko zuzendari teknikoa da Alazne Uribarri. Bere lan arloan parekidetasuna handitu dela igarri du.
Eusko Labelen hasieratik zaude bertan lanean. Zelan gogoratzen dituzu hastapenak?
Hasieran, erronka handia izan zen. Hiru lagun hasi ginen, eta urte gaitzak izan ziren, inork ez zuelako Eusko Labelaz eta labelari buruz ezer entzun. Baserririk baserri eta harategirik harategi joan ginen azaltzen. Baserritarrak egoera berrian zeuden. Europako mugak zabaltzerakoan, leku askotatik etorritako produktuak heldu ziren. Denetik egin genuen, marka sortzetik, araudiak egin eta kaxak eroateraino. Hogei urte egin ditut, eta nire bizitzako proiektu profesionala da hau; Eusko Label nire umea bezalakoa da.
Trabaren bat igarri duzu emakumea izateagatik?
Hasieran, batez ere, batzar askotan emakume bakarra izaten nintzen. Abeltzainen elkarteagaz, arrantzaleekin... Nahiz eta lehen sektorean emakume askok lan egin, batzarretara gizonak etorri izan dira, eta apurka-apurka aldatzen dabil hori. Gai garrantzitsuak erabakitzen diren batzarretan aldaketa handia egon da, eta emakumeok askotan ikuspegi ezberdina ematen dugu. Ardura postuetan ere, emakumeek geroago eta papelr aktiboagoa eta protagonismoa daukate. Bizkaiko diputatua emakumea da, Gipuzkoako sagardogileen elkarteko arduraduna emakumea da...
Lan esparruan, zelan ikusten duzu genero berdintasuna?
Gurean esango nuke emakumeak gizonak baino gehiago garela. Badaude itxuraz “ofizio maskulinoak” eman ahal dutenak: albaitariak, injineru agronomoak... baina postu horietan ere emakume asko dauzkagu. Berdintasun politika zehatzik ez daukagu ezarrita, baina bai; bakoitzak kargua bere gaitasunen arabera betetzen du, izan gizon edo emakume.