Udalaren ordenantzan zarata, amiantoa edota hautsaren inguruko neurriak ezarri dituzte, besteak beste. Kutsadura atmosferikoa eta akustikoa gutxitzea da arautegiaren helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoan martxan dagoen era horretako lehenengo ordenantza da Durangokoa. Ingurumena babestea gura dute, eta baita herritarrek egindako kexei erantzuna ematea ere. Obrak egiterakoan, ingurumenagaz lotutako hainbat irizpide izan beharko dira kontutan hemendik aurrera. Mari Jose Balier hirigintza zinegotziak adierazi du obrek eragindako arazoak amaitzea espero dutela, kontrola eta prebentzioa zainduz: "Ordenantza hau prestatu dugu udalerrian obren eraginez sortzen diren eragozpenei aurre egiteko, halaxe adierazi baitigute herritarrek behin eta berriro".
08:00etatik 21:00etara egin ahalko dira obrak astegunetan, eta 09:00etatik 15:00etara zapatuetan; domeka eta jai egunetan debekatuta egongo da. Lanak egin bitartean amiantoa eduki dezakeen materialeren bat topatzen badute, eremu horretako lanak bertan behera utziko dituzte. Ostean, amiantoa kentzeko plangintza bat egin beharko dute. Hormigoiari dagokionez, kamoien deskarga-ahoa itxita egon beharko da garraiatzean, bestela, debekatuta dago garraio hori. Haizeak gogor jotzen duen egunetan, ahal dela hautsez betetako materialik ez erabiltzea ere gomendatzen du arautegi berriak. Zarataren kasuan, ordenantzak dio ez dela zaratarik egin behar, beharrezkoa ez bada. Kasu horretan, makinen soinua ez da 90 dezibelio baino handiagoa izango makinatik 5 metrora. Lanak orokorrean hartuta, 85 dezibeliokoa izango da muga hurbilen dagoen eraikina kontuan hartuta. Etxe barruan denean obra, 50 dezibeliotik ezingo da pasatu.