"Epaitegien bidean azkenera arte heltzeko asmoa dut"

Anboto 2013ko mar. 2a, 08:50

Miren Urionabarrenetxeak alargun pentsioa jasotzeko bide judizialari ekin dio. 2012ko urrian senarra hil zitzaion, gaixotasun baten ondorioz. Ume bigaz, izatezko bikotea ziren. Gizarte Segurantzak alargun pentsiorik ez dagokiola erantzun dio

Miren Urionabarrenetxeak alargun pentsioa jasotzeko bide judizialari ekin dio. 2012ko urrian senarra hil zitzaion, gaixotasun baten ondorioz. Ume bigaz, izatezko bikotea ziren. Gizarte Segurantzak alargun pentsiorik ez dagokiola erantzun dio.

 

Zer erantzun jaso duzu Gizarte Segurantzaren aldetik?

Gizarte Segurantzak bere erantzunean azaltzen duenez, ez dagokit alargun pentsiorik. Baina, ematen didaten arrazoia ez da izatezko bikotea izatea. Abenduaren 4ko 40/2007ko Legeak izatezko bikoteen gaia erregulatzen du. Lege horretako klausula batean oinarritzen dute erabakia. Senarra hil aurreko urtean lanean ibili naizenez, eta berak baino dirusarrera handiagoa izan dudanez, horixe argudiatzen dute alargun pentsioa ez emateko.

 

Erantzun horren aurrean, zer iritzi duzu?

Klausula hori guztiz bidebakoa dela deritzot. Bihar bertan langabezian geratzen banaiz, ez dagokit pentsiorik, baina iaz lan barik egon izan banintz, bai. Ez dauka ezelako zentzurik. Beste edozein alarguni moduan tratatzea eskatzen dut. Eskubide berberekin.

 

Beste baldintza batzuk ere badaude izatezko bikoteen kasuan, ezta?

Bai, klausula ekonomiko honez gainera, baldintzetako beste bat da bost urtez izatezko bikotea izatea. Ezkonduta daudenen kasuan, berriz, ezkondu eta hurrengo egunean bikotekidea hilez gero, pentsioa jasotzeko eskubidea dago. Beste pertsona batekin ezkonduta ez egotea eta bestelako baldintza batzuk ere aurreikusten dira.

 

Bide judizialera jo duzu orain.

Bilboko Gizarte arloko gaien epaitegian judizioa izango dut urriaren 15ean. Oso argi daukat alargun pentsioa jasotzeko eskubidea dudala, eta klausula ekonomiko hori bidebakoa dela, beraz, epaitegien bidean azkenera arte heltzeko asmoa dut. Niretzat ez bada ere, atzetik datozenentzat balio dezake.

Arartekoan zure kasua azaldu duzu. Zer erantzun jaso duzu?

Arartekoari nire egoera azaldu nion. Hala ere, auzia Gizarte Segurantzarekin denez, Arartekoak erantzun dit bere eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko administraziora mugatzen dela. Beraz, Defensor del Pueblo delakoari nire eskaera bidali dio, eta hark ere kasuaren berri izan duela azaldu dit gutun batean.

 

Orain dela gutxi ezagutzera eman dutenez, seme-alaba bako izatezko bikoteek alargun pentsioa izatea bermatzen duen epai bat eman du Auzitegi Konstituzionalak.

Komunikabideetan irakurri dudanaren arabera, klausula hori diskriminatzailetzat jo du Konstituzionalak, eta alargun pentsioa ematea erabaki dute. Hala eta guztiz ere, komunikabideetan gai hau lantzen denean, inork ez du letra txikiaren berri ematen. Kasu horretan, bikotekidea lanean ibili bada hil aurreko urtean, nire egoera berean egongo litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!