"Presoak irteten direnerako, gizarteratzeko babes osoa ematea gura dugu"

Anboto 2013ko ots. 28a, 08:40
Eskualdeka, sare bat osatzen dabiltza Harrera Taldeak. Saioa Agirre eta Ander Alberdi preso ohiak Durangaldeko taldean dabiltza, eta bertako taldearen berri eman dute. Taldea herritar guztiei zabalik dagoela jakin eragin dute

Eskualdeka, sare bat osatzen dabiltza Harrera Taldeak. Saioa Agirre eta Ander Alberdi preso ohiak Durangaldeko taldean dabiltza, eta bertako taldearen berri eman dute. Taldea herritar guztiei zabalik dagoela jakin eragin dute.

 

Zer dela eta sortu da Harrera Taldea?

Saioa Agirre: Aspaldikoa da sorrera, baina ekainetik da legala. Egiten genuen irakurketa zen, preso bat kalera irteten denean, zailtasun pilo bat izaten dituela berriro egunerokotasunean sartzeko.

Ander Alberdi: Nik dakidala, beti egon da ardura hori. Hutsunea ikusten genuen; irteterakoan, ongietorria-eta, dena oso hunkigarria izaten da, baina handik hilabete batzuetara, beherakada dator. Konturatzen zara bakarrik zaudela, eta bakarrik hasi behar duzula aurrera egiten.

S.A.: Orain arte, laguntza hori modu informalean egin izan dute pertsona batzuek; preso bat kartzelatik irteterakoan, nortasun agiri berria egin behar da, gidatzeko baimena atera, Lanbidera joan, etxe bat topatu... Ikusi zen, modu pertsonalean lagunduta bakarrik, ez zirela denera heltzen, eta laguntza eta elkartasun hori guztia antolatu eta koordinatu egin behar zela.

 

Hasteko, 2007an diagnostiko bat egin zen Jaiki Hadi osasungintzako elkarteagaz, zer premia zeuden ikusteko. Zeintzuk izaten dira premia nagusiak?

S. A.: Denetik dago. Ez da gauza bera herri batera edo hiri batera bueltatzea, familia giro batera, edo familia bako girora, lan bat topatzea ere oso garrantzitsua izaten da... Bai ikusten zen, orokorrean zailtasunak egoten direla hartu-emanetarako, pertsona horrek ondorio psikologikoak, psikosomatikoak, sozialak, etab. izaten dituela.

A. A.: Egoera hori ikusita, Harrera Taldeen egitasmoa indartzen joan zen apurka-apurka. Iheslariak eta presoak bueltatzerakoan, babes osoa ematea gura dugu, eta sare indartsua egitea lortu gura dugu.

 

Premien artean, zein da zuentzako garrantzitsuena?

S. A.: Nik uste dut lana dela garrantzitsuena. Azkenean, ez kaudimen kontuengatik bakarrik, lanak nolabaiteko konfiantza bat ematen du.

A. A.: 30 urte kartzelan egon bazara, bat-batean zure gurasoen edo bikotekidearen menpe egotea ez da batere xamurra.

 

Zenbat denbora behar izaten da egoera berrira ohitzeko?

S.A.: Pertsonen araberakoa da hori, zigorra zenbatekoa izan den... Adibidez, Gatza bezala 31 urte egon denak ez dakit zenbat denbora beharko duen. Inguruan zer daukazun ere garrantzitsua da, familia eta lagunak dituzun, ez dituzun... Errazago egingo zaizu batera edo bestera.

 

Zelan dago egituratuta taldea?

S. A.: Lehenengo eta behin, pertsonari babesa eman eta haren premiak ikusten dira. Talde admimistratibo-juridikoa daukagu, lege kontuetan eta tramite administratiboetan laguntzeko. Beste talde bat dago formakuntza bideratzeko, eta ahal den heinean, lana topatzeko. Psikologo batzuk ere badauzkagu, eta Jaiki Hadi elkarteak osasun kontuetan laguntzen digu.

A. A.: Norbait laguntzeko prest badago, ondo-etorria izango da. Bazkide egiteko aukera ere badago, laguntza ekonomikoa ere behar izaten delako. Pertsona bat kalera irteten denean, 420 euroko subsidioa kobratzen du, eta horregaz ezin dira oinarrizko beharrak asetu. Gaixotasunagatik etxean baina pultserekin daudenak ere hor daude, eta horiek ez dute laguntzarik. Parot doktrina aplikatu dieten pertsonak oso nagusitan irtengo dira kalera,oso gutxi kotizatuta, eta arazo ekonomikoak izango dituzte...

 

Lege arlotik Herrirak eskatzen dituen neurriak betez gero, preso ugari irtengo da kalera...

A.A.: Lan handia egongo da. Horregatik, aurretik indartu behar dugu sarea, eta prest egon behar dugu. Laguntza eta babes ekonomikoa beharko dira. Hau konponbiderantz badoa, jende piloa etorriko da, eta ea zer egiten dugun 2.000 lagunekin. Argi daukat ezin ditugula utzi botata.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!