Aldundiak ezindu psikikoentzako Eguneko Zentroa zabalduko du Errotaritxuenan

Anboto 2013ko ots. 27a, 13:10
Udalak Aldundiagaz lotu beharreko hitzarmenaren zirriborroa onartu du udalbatzarrean. 500 metro karratuko lokala utziko dio udalak, eta Aldundiaren esku egongo dira obra eta gestioa

Udalak Aldundiagaz lotu beharreko hitzarmenaren zirriborroa onartu du udalbatzarrean. 500 metro karratuko lokala utziko dio udalak, eta Aldundiaren esku egongo dira obra eta gestioa.

 

Minusbaliotasun intelektuala daukatenentzako Eguneko Zentroa Durangon zabalduko du Aldundiak. Iazko aurrekontuetan egitasmoa egitea aurreikusi zuten, baina ez zuten zehaztu Durangaldeko zein herritan. Proiektua aste honetan hasi da errealitate bihurtzen. Izan ere, Durangoko Udalak Aldundiagaz lotu beharreko hitzarmenaren zirriborroa onartu du. Akordio horren arabera, udalak Errotaritxuenako babeseko etxeetan daukan 500 metro karratuko lokal bat utziko dio Aldundiari datozen 50 urteetarako. Eraikina egokitzeko obrak Aldundiaren esku geratuko dira, eta baita bertako zerbitzua ere. Zuzenean edota irabazi asmo bako elkarte baten bidez gestionatu ahalko du zerbitzua. Geu Be elkartearen aspaldiko eskaera izan da eskualdean Eguneko Zentroa sortzea. 30 bat lagunentzako lekua edukiko luke.


Martitzeneko udalbatzarrean onartu zen hitzarmenaren zirriborroa. Zentroaren beharrizana guztiek aipatu zuten. Baina, Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek kritikatu zuten prentsatik ezagutu dutela egitasmoa, eta ekarpenak egiteko aukerarik ez dutela eduki. Horregatik, Bilduk kontra bozkatu zuen, eta Aralar abstenitu egin zen. EAJk esan zuen batzordean landu izan dela eta ekarpenetarako aukera egon dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!