30 komertzio egongo dira 8. Aukera Azokan

Anboto 2013ko ots. 25a, 13:16
Dendak Bai Durangaldeko merkatari elkarteak antolatuta Aukera Azoka hartuko du martxoaren 1etik 3ra Landako Guneak. Durangoko Udalak eta Jaurlaritzako Komertzio Sailak lagunduta ekimena da eta zortzigarren edizioa izango du aurten. Merkatari elkateak bere marka berria aurkezteko ere aprobetxatuko du: Dendak Bai

Dendak Bai Durangaldeko merkatari elkarteak antolatuta Aukera Azoka hartuko du martxoaren 1etik 3ra Landako Guneak. Durangoko Udalak eta Jaurlaritzako Komertzio Sailak lagunduta ekimena da eta zortzigarren edizioa izango du aurten. Merkatari elkateak bere marka berria aurkezteko ere aprobetxatuko du: Dendak Bai.

 

Aurten 30 komertziok egin dute bat ekimenagaz. Denboraldiko stocka saldu  guran "prezio oso beheratuan" eskainiko dituzte euren produktuak. Iazko Aukera Azokan parte hartu ez zuten bederatzi komertzio izango dira asteburu honetan Landako Gunean; horietako lau ireki berriak dira.

 

Askotariko produktuak batuko ditu 8. Aukera Azokak: haurrentzako zein helduentzako moda, oinetakoak, kirola egiteko arropak, dekorazio eta atsedenerako produktuak, optika produktuak, eta, paper-denda eta bulegorako materiala. Kotxe erakusketa ere egongo da. Horrela azaldu du antolatzaileek. Berrikuntza moduan, liburu-denda batek eta gozo-denda batek ere parte hartuko dute oraingo edizio honetan.

 

Bestelako nobedaderik ere egongo da. Umeen orgak gordetzeko zaindutako leku bat egokituko dute antolatzaileek. "Horrela, gurasoek saltokien erakusmahaietan erosoago ibili daitezen". Ostiralean,  11.00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik Aukera Azoka. Zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta, domekan, 11.00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

 

Aisialdirako tartea

Erosketarako gunean gain, ludoteka eta kafetegia ere batuko ditu Aukera Azokak. Ekintza ludikoak ere antolatu dituzte. Horretara, barikuan, globoflexia ikuskizuna egongo da 17:00etatik aurrera, eta, zapatuan, magia ikuskizuna hasiko da 17:30ean. Hamar eurotik gorako erosketa txartela erakusten duten bisitariek +Dendak-eko hanburguesa bat dastatzeko aukera izango dute; baita Durango Txartela erakusten dutenek ere. Igande goizean, bestalde, umeek pottokan pasiada emateko aukera izango dute; 17:30ean, ipuin-kontalariak jardungo du.

 

Erosketak egiterakoan, aparkalekua  izango dute dohan ordu bian. Horrezaz gain, 153 opari egingo dituzte zotz: tartean, erosketa egiteko 100 telazko-orga, autorako 50 itzalkin, otzara bat eta bi e-book egingo dituzte zotz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!