"Lehiakortasuna bi eratara lortu daiteke: soldatak bajatuta edo formazioa indartuta"

Anboto 2013ko ots. 23a, 08:39
Enplegurako prestakuntzaren inguruan jardunaldiak antolatu ditu asteon Maristak ikastetxeak. Hizlarietako bat bertako irakasle Dani Irazola izan da. Durangaldeko prestakuntza profesionalari buruz eta jende gehiago kualifikatzeko premiari buruz berba egin du

Enplegurako prestakuntzaren inguruan jardunaldiak antolatu ditu asteon Maristak ikastetxeak. Hizlarietako bat bertako irakasle Dani Irazola izan da. Durangaldeko prestakuntza profesionalari buruz eta jende gehiago kualifikatzeko premiari buruz berba egin du.

 

Datuak emateko grafikoak marraztu ditu koadernoan Dani Irazola mekanika irakasleak. Durangaldean herritarren %40 kualifikatu bakoa dela jakin zuenean, zur eta lur geratu zen. Politikariek ahoz aho darabilten enpresen lehiakortasuna, formula magiko hori, prestakuntzaren bidez egin behar dela azaldu du Irazolak.

 

Zelakoa da Durangaldeko prestakuntzaren egoera?

Europan 2020rako helburu batzuk markatu dituzte prestakuntza arloan. Edozein lurraldetarako tituluen banaketa ideala honako hau izango liztateke: %14 unibertsitate titulazioak, %76 Lanbide Heziketakoak, eta %10 kualifikazio bakoak. Datu horiek jakin nituenean, Durangaldeko datuak ikustera sartu nintzen Eustatera. Honako portzentaje hauek dauzkagu: %20 unibertsitate tituludunak, %40 Lanbide Heziketa mailakoak eta %40 kualifikazio bakoak. DEE Durangaldeko Enpresen Elkartean eta enpresa handietan konrastatu ditugu datuok, eta emaitza berdinak lortu ditugu.

 

Zer ondorio dakartza kualifikatu bakoen portzentaje horrek?

Europan titulazio guztiak homologatu dituzte, eta ikasketen mailaren araberako eskala bat egin dute. Lehenengo mailan, oinarrizko lanetarako formazioa dago. Bigarrenean, erdi mailako zikloen maila, esku-langileena. Hirugarren mailan, goi mailako zikloak daude, eta hor diseinua ere sartzen da. Laugarrenean, graduak egongo lirateke, eta diseinua eta ingeniaritza sartzen dira bertan. Bostgarren mailan, ikerketa egongo litzateke. Durangaldean, titulazio maila guztien batez bestekoa eginda, 2. mailaren inguruan gaude. Horrek esan gura du, Durangaldean eskaini ahal dugun produktua manufakturatua dela, batez ere.

 

Orduan, zelan landu daiteke lehiakortasuna?

Guk aukeratu behar dugu norantza joan. Gu lehiakorrak izan gaitezke oinarrizko mailetan, baina horretarako soldatak bajatu eta ahalik eta merkeen produzitu beharko genuke, gure konpetentzia kostu baxuko herrialdeetan dagoelako. Beste alternatiba bat da, mailetan igotzea. Kualifikatu bako herritarrak kualifikatuta, diseinuan edo ikerketan lehiakorragoak izan gaitezke. Orain, Lanbideren bidez, profesionaltasun agiriak eskaintzen ditugu heziketa zikloen barruko atalekin ikastaroak eskaintzeko. Kualifikazioa ez edukitzetik edukitzerako pausoak dira. Lanean dagoen jendeak ere aukera dauka profesionaltasun agiri horren ikasgaiak jasotzeko. Kontua zera da: gu garen modukoak izanda, gure kualifikazioarekin, zer egiteko gai gara?

 

Diru gutxiago dagoela baina lehiakortasuna lortu behar dela diote politikariek.

 

Zenbat bider entzun ditugu esaten krisialdi honen irteera berritzaile izatea dela? Diskurtsoetan polito geratzen da, baina zer esan nahi du berritzaile izateak? Ezinbestekoa da sormena edukitzea eta prestatuta egotea.

 

Zelan ikusten dituzu gaur egungo ikasleak?

Giroa ez da ona. Mezu guztiak oso negatiboak dira, eta ikasleengan ere negatibitatea ikusten dut. Sentsazioa ematen du berdin dela zer egiten duzun, total, egin hau edo ez egin! Jendeak sinistu behar du kualifikazioa igotzeko gai bagara, Durangalde aberatsagoa bihurtu ahal izango dugula, aberastasun berbaren zentzu zabalean. Durangaldeko agente guztiok prestakuntza emateko ingurune bat sortu behar dugu, eta ez bakarrik agente formatibook. Enpresak ere inplikatu beharko lirateke.

 

Lan baldintzak okerrera doaz...

Lehen ez geneukan manufakturatuak izateko lehiarik. Onak ginen, eta Alemaniagaz edo Finlandiagaz konparatuta, merkeagoak... Orain, lehiakorrak direnek merkeago produzitzen dutenez, hemengoa merkatzen gabiltza: soldatak bajatzen, extrak kentzen... Lehiakor izateko bide bi daude: baldintza oso eskasetan produzitzea edo formazioaren bidez beste planteamendu bategaz saiatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!