PSE-EE-k udalaren bederatzi bizilekuak etxegabetuen esku uztea proposatu

Anboto 2013ko ots. 21a, 14:55

Udalak bere esku dituen bederatzi bizilekuak beharrezko guztiarekin hornitu eta etxegabetuak diren familien esku uztea eskatu du PSE-EEk. Era berean, ahalik eta azkarren, etxegabetzeak gertatzen direnerako bitartekaritza protokolo bat lantzeko proposamena aurkeztu du Pilar Rios bozeroale sozialistak Durangoko Udaletxean

Udalak bere esku dituen bederatzi bizilekuak beharrezko guztiarekin hornitu eta etxegabetuak diren familien esku uztea eskatu du PSE-EEk. Era berean, ahalik eta azkarren, etxegabetzeak gertatzen direnerako bitartekaritza protokolo bat lantzeko proposamena aurkeztu du Pilar Rios bozeroale sozialistak Durangoko Udaletxean.

 

PSE-EE, Aralar eta Bilduk aurkeztuta etxegabetzei buruzko mozioa onartu zuen azaroan udalbatzarrak. Udal talde guztien babesa izan zuen, PPrena ezik. Besteak beste,  "herritarren arteko gatazkak modu positiboan ebazteko elkarbizitzarako eta bitartekaritzarako bitartekoak eta espazioak sortu eta martxan jartzea" onartu zuten, gogoratu du Riosek ohar baten bitartez.

 

Bozeroale sozialistaren ustean, "herritargoak hurbilen duen administrazio legez, udaletxeak aurre egin behar die herritarrek dituzten arazo berri eta konplexuei. Eta argi dago, langabeziarekin batera, etxebizitza galtzeko aukera dela gizartean estualdi eta ezinegon handiena sortzen ari den arazoetariko bat". Foru erakunde publiko eta autonomikoekin (Etxebide) elkarlana sustatu behar dela uste du PSE-EEk. Aldi berean, nabarmendu dute "etxe  hutsak dituzten banketxe eta higiezinen enpresei erantzukizunak exijitu" behar zaizkiela.

 

Etxegabetu dituzten herritarrei, eta, baita horretarako zorian izan daitezkeenei, informazioa eta laguntza eskaintzeko konpromisoa ere jasotzen du Durangoko Udalak onartutako mozioak, Riosek gogoratu duenez. Kaleratzea bertan behera gera dadin dagokion erakunde finantzariogaz hartu-emonean jartzeko konpromisoa jasotzen du idatziak. Telefono bat eta posta elektroniko bat bideratzea ere bai.

 

Gertuko bitartekari baten beharra

Etxebizitza erosterakoan gain hartutako konpromisoei aurre egiteko arazoak dituzten herritarrek, eta banketxeagaz akordiorik lortu ez dutenean, gertuko bitartekari bat behar dute herritarrek PSE-EEk dioenez. Horren adibide dute udaletxea. "Herritarrei lagundu diezaien eta Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publiko sailak  abiatutako  hipotekarako bitartekaritza zerbitzura bideratzeko; zerbitzu hori publikoa eta doakoa da".

 

Duela hilabete udalaren jabetzan dauden etxebizitza kopurua eskatu zuten, PSE-EEk gogoratu duenez. "Zein egoeratan dauden ikusi eta etxegabetzeak daudenerako Gizarte Laguntza sailaren esku utzi ahal izateko. Udalak dituen bederatzi etxebizitzatik lau bakarrik daude beharrezko guztiarekin hornituta eta bederatzietatik bakarra dago une honetan okupatuta. Hurrengo udalbatzarrean Udalaren Titularitatea duten Gizarte Larrialdietarako Etxebizitzak arautzeko normatiba onartuko dute, Riosek azaldu duenez: "Gure proposamena da bederatzi etxebizitza horiek  horrelako kasuetarako erabiltzea, famili askoren egoera larria eta arduratzekoa ikusita"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!