Bakarrik sentitzen diren adinekoei laguntzeko, bolondresak eskatu dituzte

Anboto 2013ko ots. 22a, 17:00
Udalak eta Gurutze Gorriak Lagunkide programa aurkeztu dute. Laguntza erregularra edota noizbehinkakoa emango duten herritarrak behar dituzte. Adinekoen partetik eskaera dagoela adierazi dute

Udalak eta Gurutze Gorriak Lagunkide programa aurkeztu dute. Laguntza erregularra edota noizbehinkakoa emango duten herritarrak behar dituzte. Adinekoen partetik eskaera dagoela adierazi dute.

 

Durangon 2.448 pertsona daude 75 urtetik gorakoak. Horietatik, 620 inguru bakarrik bizi dira. Udalak egindako azterketa bateko datuak dira horiek. Azterketa horren baitan, adinekoek laguntzaileak edukitzea eskatu zieten udaleko beharginei. Eta, eskaera horri erantzuna eman dio udalak: Lagunkide programa sortu du. Adinekoei laguntzeko bolondresak topatzen dabiltza.

 

Goiztidi Diaz alkateordeak aurkeztu zuen ekimena udalaren izenean. Diazen arabera, herritarren laguntzak ekarpen garrantzitsua egin dezake: "Bizi-kalitatea hobetzea eta bakardadea ekiditea dira helburuak. Bakardadeak, galera kognitibo eta intelektuala errazten du". Gurutze Gorriko Manu Calvok azaldu zituen programaren nondik norakoak. Adierazi zuen ordu gutxiko lana eskatuko dietela bolondresei: "Denbora gutxigaz ere, eragina handia da". Bi ataletan banatu dute zerbitzua: erregularrak eta noizbehinkakoak. Laguntza erregularra paseatzeko edota solasaldirako erabiliko dute, eta astean bi-hiru orduko lana izango da. Noizbehinkakoa, gestioak egiteko edo nonbaitera joaten laguntzeko gura dute. Arduradunek esan dute ez dela bakarrik bizi direnentzako zerbitzua soilik, bakarrik sentitzen direnentzako dela.

 

Herritarrek 94 465 74 51 zenbakira deituta edo adintek@durango-udala.net helbidera idatzita eman ahal dute izena. Dagoeneko ia dozena bat lagun apuntatu direla esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!