Bidea itxita Larrinagatxun lur-jausia dela-eta

Anboto 2013ko ots. 16a, 12:02
Luizia Fumbarri enpresak, 80ko eta 90eko hamarkadetan, zepaz eta hondarraz egindako lur-betetzetik eta 90ko hamarkadaren amaieran egin zuen zigilatzetik etorri dela dio udalak.

Atzo goizaldean lurjausia gertatu zen Larrinagatxun. Zenbait zuhaitz jausi ziren eta Bitañorako bidea oztopatu zuten. Jausi den lur kopurua 10.000 m3  baino gehiago izan da udal ordezkarien esanetan.

 

Luizia Fumbarri enpresak, 80ko eta 90eko hamarkadetan, zepaz eta hondarraz egindako lur-betetzetik eta 90ko hamarkadaren amaieran egin zuen zigilatzetik etorri dela dio udalak.

 

Aitziber Irigoras alkate eta Marijose Balier alkateordea luizia gertatu zen lekura bertaratu ziren atzo. Azaldu dutenez, egiaztatu zute luiziak Larrinagatxuko erreka estali zuela eta urak bidea apurtzeaz gain, itxi ere egin zuela. Erreka estalita gelditzean, urak gainezka egin eta bertan pilatu zen. Beraz, lehenengo neurria bypass bat egitea izan da eta ura bide gainetik eroan da tarte batean eta, beherago, atzera ere, errekaren ibilgura bideratu da. Horrela, saihestu egin da ur-pilatzeak dakarren arriskua.

 

Bide-gainean geratu den lurrak eta egin den behin-behineko bideratze horrek oztopatu egiten dute ibilgailuak handik pasatzea, eta oinezkoak ere ezin dira pasatu, arrisku handia dago-eta berriro ere lurjausiak izateko.Udaleko teknikariek eta geoteknia eta lurraren kutsadura arloko adituek egin duten azterketak dioenez,  lur-betetzeak ur asko xurgatu duelako gertatu da lur mugimendua, eta baita lur horien azpiko drainatzea eskasa delako.

 

Jausi den lur kopurua 10.000 m3 baino gehiago izan da. Udal ordezkarien esanetan, "lur-betetze hori egin zenean erabili zen materialak zaildu egiten du zonalde hori bere jatorrira eroatea, izan ere, han erabili ziren hondarrak ezin dira edozein lekutan pilatu".

 

Gaineratu dutenez, konpontze eta berreskuratze lanak zailak izango dira eta luze joko dutela aurreikusten dute. Eta lur guztia kendu eta erreka bere lekura eroan arte, ezin izango da bidea ireki.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!