500 urte atzera eginda topatu dute Durangorentzako Hiri Marka

Anboto 2013ko ots. 6a, 10:29
Durangok badauka bere Hiri Marka. Horretarako, 500 urte atzera egin dute. Izan ere, Juan de Iciar kaligrafo durangarrak 1548an jasotako letra batean dauka oinarria: \'d\' etzana.

Durangok badauka bere Hiri Marka. Horretarako, 500 urte atzera egin dute. Izan ere, Juan de Iciar kaligrafo durangarrak 1548an jasotako letra batean dauka oinarria: d etzana.

 

Atzo aurkeztu zuten logotipoa, udaletxean, eta Ramiro Garcia koordinatzaile eta adituak esan zuen sustraiak eta historia dauzkala. Baina, etorkizuneko balioari eman zion indarra: "Garrantzitsuena denboran iraun dezala da". Bere ustez, XVI. mendean legez eta XXI.ean ere funtzionatzen duen marka da aukeratu dutena.

 

Iker Oceja zinegotziak adierazi zuen bederatzi hilabeteko prozesua garatu dutela marka lortzeraino. Diseinugile talde batek hainbat logo sortu zituen hasieran, eta talde aztertzaile batek galbahea ezarri zuen gero. Hiru logoren artean aukeratu zuten azkenik; zinegotziek, merkatariek eta herritarrek ere aukeratu ahal izan zuten. Aurkezpenean azaldu zutenez, 800 durangarretik gora izan ziren bozketan parte hartu zutenak. Erdiak baino gehiagok beste logo bat zuten gogoko: Santa Anako arkuagaz egindako bat. Baina, herritarren iritziak %30eko balioa zeukan, eta gainontzeko sektore guztietan d etzana izan zen garaile.

 

Dendak Bai elkartearentzako logoaren aldaera bat eratu dute, eta turismorako lema ere bai: Durango, gustura. Markaren promozioan durangarrek izango dute protagonismoa, eskuagaz d letra etzanaren keinua eginda. Martxoan hasiko dira zabaltzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!