Kazetarien eta gonbidatu ezagunen arteko solasaldiak Plateruenean

Anboto 2013ko ots. 6a, 08:35
Eguenean, otsailaren 7an, hasiko da Berbertan zikloa; Euzkitze eta Goenaga egongo dira aurrez aurre

Eguenean, otsailaren 7an, hasiko da Berbertan zikloa; Euzkitze eta Goenaga egongo dira aurrez aurre.

 

Bihar, hasiko da Plateruena kafe antzokiak antolatzen duen Berbertan solasaldi zikloa. Hirugarren edizio honetarako, Aizpea Goenaga, Alberto Iñurrategi eta Iñaki Perurena gonbidatu dituzte, eta Xabier Euzkitze, Amets Arzallus eta Urko Aristi izango dira elkarrizketatzaileak, hurrenez hurren. Gonbidatuak ziztatu eta haritik tiratzea izango da kazetarion lana, eta publikoaren galderei ere lekua egingo diete. Sarrera debalde da.

 

Aurtengo gonbidatuek badaukate zer kontatua. Euren lanari eskerrak, ezagun egin dira etxean eta kanpoan, eta euren bidez euskal kultura ere ezagunagoa egin dela esan daiteke. Solasaldi zabalak izango dira, honetaz eta hartaz berba egitekoak: sorkuntza, hizkuntza, kultura, tradizioa...

 

Lehenengo saioan –bihar, 20:00etan– Xabier Euzkitze eta Aizpea Goenaga egongo dira aurrez aurre. Telebistan, zinean eta antzerkian egindako lanagatik da ezagun Goenaga; aktore, zuzendari eta gidoigile ibili da, gainera. Baina, gaur egun, Etxepare Institutuko zuzendaria da, eta nazioartean euskal kulturaren eta sortzaileen berri ematea da bere ardura. 2010ean hartu zuen kargua.

 

 

‘Zilarrezkoak’ sailean

Platerueneko kultura taldeak sortutako Zilarrezkoak sailaren barruan dago Berbertan ekimena. Egitasmo berezi horren helburu nagusia euskarazko kulturgintza parte-hartzailea sustatzea da. Horrez gainera, gizarte gaiak jendarteratzeko eta kulturartekotasuna lantzeko gogoz jaiotakoak dira. Eguenean izango da hurrengo hitzordua.

 

 

 


 

 

\"\"Otsailaren 14an: 
Amets Arzallusek Alberto Iñurrategi

 

Alberto Iñurrategi aretxabaletarra Euskal Herriko mendizale arrakastatsuenetakoa da, eta kanpoan ere sona handikoa da. Anaia Felixegaz batera zortzimilako mendiak egiten egin zen ezagun, eta hamalautik hamabi egin zituzten batera. Hain zuzen ere, hamabigarrenetik jaisten zebiltzala hil zen Felix, Gasherbrum II mendian. Alberto 2002an sartu zen hamalau zortzimilakoak igo dituzten mendizaleen talde loriatsuan.

 

Baina, erronka berriei heltzekoa izan da beti aretxabaletarra. Hainbat mendi espediziotan parte hartu du, eta azken urteetan diziplina berri batean murgilduta egon da: Groenlandia eta Antartika oinez zeharkatu ditu, Mikel Zabalza eta Juan Vallejogaz batera. 

 

 

 


 

 \"\"

Otsailaren 21ean: 
Urko Aristik Iñaki Perurena

 

 Gizon polifazetikoa da Iñaki Perurena leitzarra. Harri-jasotzen markak egiteagatik egin zen ezagun, eta herri-kirol hori Euskal Herritik kanpoko telebistetara ere eroan zuen. Harakina ofizioz, ETB 1 telebista kateko Goenkale telesailean hasi zen aktore lanetan. Antzezpena ez da bere kultur afizio bakarra, bertsogintzan eta kantugintzan ere ibilia da-eta. Gaur egun eskulturagaz lotutako proiektu bategaz dihardu: Peru-Harri. Harriaren inguruko museoa egin du bere baserriaren bueltan, eta horren bidez kulturan eta historian sakontzea dauka helburutzat.

 

Izan ere, historiazalea ere bada Perurena, eta telebistan zein Interneten interes handia sortu izan dute bere iritziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!