Geltoki berriko komunak merkataritza gunean egongo direla dio Jaurlaritzak

Anboto 2013ko urt. 29a, 11:30
Geltokiaren sarbideek eta komun faltak erabiltzaileen protestak eragin dituzte, eta ETSk adierazi du dagoeneko hamar kexa ofizial jaso dituztela. EH Bilduk proiektuaren inguruan galdetu dio Ana Isabel Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuari

 

 

 

Ana Isabel Oregi sailburuak Eusko Jaurlaritzaren izenean adierazi du Durangoko tren geltoki berriko komun publikoak merkataritza gunean egongo direla. Gune hori eraikitzen dabiltza oraindik eta, beraz, amaitu arte ez da komunik egongo geltokian. Oregik udan ipini du epea: "Guk uste dugu 2013ko udan egongo direla erabilgarri, eta geltokiko mendebaldeko sarbidea ere orduan zabalduko da". Izan ere, komun faltaz gainera, geltokiko sarbideek ere kexak eragin dituzte, mugikortasun mugatua dutenek oztopoak dauzkatelako eta euriagaz eskaileretan labain egiteko arriskua dagoelako. Gaur egun geltokiaren atzealdean dagoen sarreratik joanez gero, hiru eskailera tarte daude jaisteko, eta bakarra da mekanikoa. Gainera, igogailua Askatasun etorbidean dago; sarbide berriak beste igogailu bat edukiko ei du. Momentuz, oinezkoek ekialdeko geltokia erabili beharko dute, eta gurpildun aulkietan zein umeen kotxeekin doazenek Askatasun etorbideko igogailua hartu beharko dute.

 

Bestalde, EH Bilduk gainazalean libre geratuko den lursailaren egoeraz ere galdetu dio sailburuari; 60.000 metro karratutik gorako azalera da. Oregik esan du bertan 500 etxebizitza eraikiko direla, eta 25.800 metro karratu hiri-parkea egiteko izango direla. Baina, oraindik proiektua diseinatu barik dagoela azaldu du, eta horren ostean erabakiko dela jaurlaritza eta udalaren artean zelako hitzarmena egin, obra finantzatzeko. Trenaren lurperatzea gertakari garrantzitsua dela esan du Oregik, baina oraindik lanak falta direla egitasmo osoa amaitzeko. Bere ustez, \'Durango Operazioa\' herriaren berrikuntzarako operazio garrantzitsua ere bada: "Durangoko hirigunearen biziberritzea ahalbidetuko du".

 

Geltokiaren sarbideek eta komun faltak erabiltzaileen protestak eragin dituzte, eta ETSk adierazi du dagoeneko hamar kexa ofizial jaso dituztela. EH Bilduk proiektuaren inguruan galdetu dio Ana Isabel Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!