"Jende asko dabil ingurumenaren alde apustu egiten, eta lan hori ez da ezagutarazten"

Anboto 2013ko urt. 25a, 13:11
Asteburuan azoka berezia egongo da Landako Gunean: Berdeago. Ingurumen arloan lan egiten duten 30 enpresa inguruk parte hartuko dute, eta auto elektrikoak probatzeko aukera eta ludoteka egongo dira, besteak beste. Antolatzaileetako bi dira Magdaleno eta Peña

Asteburuan azoka berezia egongo da Landako Gunean: Berdeago. Ingurumen arloan lan egiten duten 30 enpresa inguruk parte hartuko dute, eta auto elektrikoak probatzeko aukera eta ludoteka egongo dira, besteak beste. Antolatzaileetako bi dira Magdaleno eta Peña.

 

Mondragon Unibertsitatean Ekintzailetza eta Berrikuntza Lidergotza graduko ikasleak dira Unai Magdaleno eta Iñigo Peña. Zortzi pertsonako talde batean batuta, hainbat egitasmo prestatzen dabiltza euren karreran, enpresen mundura modu praktiko batean hurreratzeko. Azkena gaur eta bihar ipiniko dute martxan. Berdeago azokan, mugikortasuna eta energia berriztagarriak jorratzeko egitaraua prestatu dute.

 

Zelan sortu zen zuen taldean Berdeago antolatzeko ideia?

Iñigo Peña: Kotxe elektriko eta hibridoen gaia lantzekotan ginen lehenengo, eta ideia aldatzen joan da: zer edo zer zabalagoa egin behar genuela ikusi genuen.

Unai Magdaleno: Kontzientziazioa garrantzitsua da birziklapenean eta energia berriztagarrietan, baina ez hori bakarrik. Etorkizuna ere badela ikusten dugu. Geroago eta gehiago beharko da, eta jendeak kuriositatea dauka.

I.P.: Konturatu gara, gainera, jendeak ez daukala informaziorik. Autoen gaian, esaterako, betiko joeretara jotzen dugu; oraindik ez dira ezagunak kotxe elektriko eta hibridoak. Horregatik, azokan horrelako ibilgailuak probatzeko aukera eskainiko dugu. Gauza bera gertatzen da, adibidez, etxebizitzen munduan. Energia ziurtagiria daukate orain, garbigailuen moduan. Etxeak B kalifikazioa edo AAA+ eduki dezake, eta azken horregaz, urtean 500 euro inguru aurreztu ditzakezu, eta gutxiago kontsumitzen duzu. Aukera asko dago, eta ez dira behar beste ezagutarazten.

 

Informazioa emateaz gainera, azoka ludikoa izango dela nabarmendu duzue.

I.P.: Azoka askotara joan gara, eta ikusi dugu gehienak profesionalei bideratuta daudela. Aditu batek Peleteko kalderak ikusi, eta interesatu egingo zaio, baina edozein herritar erakartzeko moduko zerbait egin gura genuen. Horregatik egongo da ibilgailuak probatzeko aukera, adibidez. Ludoteka handi bat ere egongo da, 70 metro karratukoa, ume eta nagusientzat. Gainera, Eider Eibarrekin mural handi bat marraztu gura dugu, Durangoko umeekin...

 

Azokan egongo diren egitasmoak aukeratzeko, zer irizpide izan duzue?

I.P.: Batez ere, mugikortasun eta energia berriztagarrien arloko egitasmoak egongo dira. Trafikoa kutsaduraren eragile handi bat dela ikusten dugu, eta energiaren gaia oso garrantzitsua da. Itzela da hemen zenbat zentral termiko dauden. Ahalik eta aukera gehienak erakutsi gura ditugu, posizio neutroagaz. Bakoitzak atera ditzala gero ondorioak. Ikas dezagun.

U.M.: Euskadi mailan, jende asko eta enpresa txiki asko dabiltza ingurumenaren alde apustu egiten. Peleta, energia berriztagarriak... Eta ez ditugu ezagutzen. Horiei bultzada txiki bat eman gura diegu, jendeak ikus dezan zer dagoen.

I.P.: Durangon, adibidez, badaukagu Bizibike kurtsoak ematen, eta bizikleta desberdinak saltzen. Azterlanek ere lan asko egiten du, eta Azterlanen barruko punta-puntako enpresa batek, Telurrek, geotermia lantzen du. Ura lur azpitik sartzen dute, eta ateratzerakoan bero dago. Horrela, elektrizitate gutxiago erabili behar da ura berotzeko.

 

Unibertsitateko karrera berezi honetan asko ikasiko duzue.

I.P.: Ba bai. Adibidez, talde-lana kudeatzeari buruz asko ikasi dugu. Ez dakigu taldean lan egiten, eta uste dut zentzu horretan asko ikasi dugula. Elkarrekin lan egitea, haserreak, egunerokotasuneko haserreak... Finantziazio arloan ere asko ikasi dugu. Azokan, ahalik eta gutxien kontsumitzen eta gastatzen ahalegindu gara, berrerabilpenaren bidez, esaterako. Gaiarekiko kontsekuente izaten saiatu gara, eta lortu dugu; azoka oso low cost da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!