Adiskidetasun mezua eroango du Basurkoren tripulazioak Durangotik Montevideora

Anboto 2013ko urt. 23a, 14:21
Unai Basurkok eta Pakea Bizkaia-ko bere tripulazioak oroigarri bat eroango dute Montevideora, Durangoren izenean

Unai Basurkok eta Pakea Bizkaia-ko bere tripulazioak oroigarri bat eroango dute Montevideora, Durangoren izenean.

 

Unai Basurko itsasgizona eta bere tripulazioa Durangoko Udalaren mezulari izango dira euren abentura berrian. Udalak plaka oroigarri bat eman die eta Montevideora eroango dute, Uruguaiko hiriburura. Bruno Mauricio Zabala kolonizatzaile durangarrak sortu zuen Montevideo, 1724an. Ekimenaren aurkezpenean, Andoni Iruarrizaga zinegotziak esan du adiskidetasun mezua bidali gura dutela. Udaletxean eman dute ekimenaren berri, eta ostean Bruno Mauricio Zabala jaio zen etxe aurrean atera dute argazkia.

 

Basurko, Pakea Bizkaia proiektuaren gidaria da. Lehiaketa utzi eta hezkuntza arloan murgildu zen Portugaleteko itsasgizona, eta ildo horretan kokatzen ditu bere azken abenturak. Beragaz batera ikasleak eroaten ditu, eta horietako batzuk egon dira Durangoko aurkezpenean. 2010ean Norvegiako ipar lurmuturrera eta 2011n Ternuara espedizioak egin ostean, hirugarren espedizioa 2012ko urriaren 7an irten zen, Antartikara heltzeko asmoz. Otsailaren 15ean Montevideora helduko dira, eta Durangoko oroigarria emateko aprobetxatuko dute. Iker Basurko anaia eta proiektuaren Garapen zuzendariak adierazi du bisitak interes handia piztu duela Montevideon; konferentziak eta ekitaldiak egingo dituzte bertan.

 

Olatuaren bila

Espedizioan, orain, Kepa Acero surflaria parte hartzen dabil. Antartikako olatu bat hartu gura du; lehenengo europarra izango da hori egiten. Durangon egondako gazteak Ushuaian batuko zaizkie gero, eta Montevideotik pasatu ostean etxerako buelta hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!