Bilduk eta Aralarrek lanean hasteko eskatu diote EAJri

Anboto 2013ko urt. 23a, 12:45
Bilduk eta Aralarrek geldirik egotea leporatu zioten EAJri atzo, ohiko udalbatzarrean. Eztabaidarako gai bako batzarra izan zen

Bilduk eta Aralarrek geldirik egotea leporatu zioten EAJri atzo, ohiko udalbatzarrean. Eztabaidarako gai bako batzarra izan zen.

 

Atzoko ohiko udalbatzarraren gai ordenean, puntu bi bakarrik zeuden: aurreko batzarren aktak onartzea eta denboralearen ondorioz hartu diren neurrien berri ematea. Galdera eta eskaeren tartean, Bilduk eta Aralarrek geldirik egotea leporatu zioten EAJri. "Bederatzi urtetan ez dut ikusi gai bako plenorik", kritikatu zuen Aralarreko Dani Maeztuk. Bilduko Arrate Elkorok jeltzaleen jarrera kritikatu zuen: "Badakigu gauza asko dagoela egiteko, baina ez dakigu gobernu taldea zertan dabilen. Mesedez, hasi lanean". Eskaera bera ahotan egin zuen berba Maeztuk.

 

Aurreko hainbat udalbatzarretan onartutako egitasmoak zein egoeratan dauden jakin gura izan zuten alderdi biek. Adibidez, etxegabetzeen kontrako mozioa edota hondakin organikoak zelan batu aztertzeko prozesua. Elkorok hainbat ordenantza ez betetzea egotzi zien jeltzaleei, eta trenaren lurperatzearen ondorioz libre geratutako lursailetan zer egingo den ez dakitela kritikatu zuen. Maeztuk Landakoko igerilekuen obraren garestitzeagatik galdetu zuen: "Orain,txosten tekniko guztiak eskuetan ditugula, eskatuko al da erantzukizunik?".

 

Bildu eta Aralarren galdera eta eskaerei ez zien erantzun gobernu taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!