"Gaur egun eskaintza aberatsa dago, baina garrantzitsua da bidea ondo aukeratzea"

Anboto 2013ko urt. 18a, 14:08
Batxilergoan dabiltzan ikasleak, apurka-apurka, bidegurutze batera heltzen ari dira. Zein norabide hartu etorkizunean? Erabaki garrantzitsu hori hartu dezaten ahalik informazio eta baliabide gehien eskaintzea da Jesuitak ikastetxeak urtarrilaren 24an antolatuko duen II. Unibertsitate Orientazio Azoka.

Batxilergoan dabiltzan ikasleak, apurka-apurka, bidegurutze batera heltzen ari dira. Zein norabide hartu etorkizunean? Erabaki garrantzitsu hori hartu dezaten ahalik informazio eta baliabide gehien eskaintzea da Jesuitak ikastetxeak urtarrilaren 24an antolatuko duen II. Unibertsitate Orientazio Azoka. Jesuitetako ikasleei ez ezik, beste ikastetxeetakoei zein gurasoei eta interesa duten denei zabalik daude jardunaldiak.

 

Ebaluaketak gainditzen joatea beharrezkoa da, baina horrez gainera, batxilergoko ikasleek etorkizunari begira hasteko ardura ere badute. Erabaki hori hartzeko ahalik osagairik gehien eskaintzeko helburuagaz sortu zuten iaz Unibertsitate Orientazio Azoka eta orduko harrera onari erantzunez, aurten bigarren aldia egingo dute. Aitor Garcia Jesuitetako Batxilergoko koordinatzailearen esanetan, “gaur egun eskaintza aberatsa dago graduei, ziklo formatiboei zein fakultateei dagokionez eta garrantzitsua da ikasleek ondo aukeratzea”. Alde batetik, aukeratzen duten hori “gustatu egin behar zaie”, baina “aukera bakarrean ez daitezela zentratu ere nahi dugu”. Gertatu daitekeelako ikasle bati karrera bat gustatzea, baina ikasketa horiek oso irteera gutxi izatea: “Tokietara heltzeko bide zuzena ez da beti bide bakarra; beste bide batzuk ere badaude”.

 

Datorren egueneko jardunaldiekin helburu bi bete gura dituzte Cristina Luengo Jesuitetako Batxilergoko irakasle, tutore eta orientatzaileak adierazi duenez: “Batetik, ikasleak orientatzea gura dugu. Bestetik, gure eskaintza ahalik jende gehienarengana zabaldu gura izan dugu. Jesuitetako ikasleei, ikastetxe honetatik kanpokoei ikasleei, gurasoei, irakasleei…”.

 

Saio praktikoak eta hitzaldiak

 

Helburu horiek askotariko ekimenen bidez egingo dituzte. Alde batetik, saio praktikoak daude: “Ez dugu galdera-erantzun formatura bakarrik mugatu gura. Ikasleak eta unibertsitateko irakasleak saio praktikoen bidez hartu-emanetan ere ipini gura ditugu”.

 

Horrez gainera, hitzaldi bi prestatu dituzte. Lehenengoa interneteko gizarte sareen gainekoa da. Horretarako, orain hile gutxi Deustuko unibertsitateko sarean argazki konprometitu batzuk bolo-bolo zabaldu zireneko afera aitzakiatzat hartu eta unibertsitate hartan identitate digitalaren arloko zuzendaria den Lorena Fernandez gonbitu dute, sare sozialen onurei eta arriskuei buruz bere ikuspuntua azaldu dezan. Bigarren hitzaldia, ingurugiroaren arloko ikerketaren eta garapenaren (I+D entzutetsua) arlokoa da eta Basque Centre for Climate Change-eko hizlariek eskainiko dute. Hitzaldi hori ingelesez izango da ikerketa munduan gehien erabiltzen den hizkuntza delako.

 

Oro har, Jesuitetako ekitaldietara unibertsitate askotako ordezkariak etorriko dira: Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Bilboko Merkataritza Ganbera eta Madrilgo Teknologia eta Arte Digitalen Unibertsitatea. Azken   horiek bideojokoen munduko teknologia lantzen dute.

 

Jesuitetako ikasle ohien mahai-inguru bat ere aurreikusi dute. Horrela, sasoi batean ikasleek euren esperientzia kontatuko diete erabakia hartzeko bidegurutzean aurkitzen direnei: "Ikasleei asko gustatzen zaien ekimena da, sasoi bateko ikasleekin hurbiltasuna sortzen delako", dio Luengok.


Azkenik, gura duten denek informazio postu bi izango dituzte 16:00etatik 19:00etara Jesuitak ikastetxeko liburutegian.

 

 

URTARRILAREN 24KO EKITALDIAK JESUITAK IKASTETXEAN

 

- 11:20 Ikasle ohien mahai ingurua. Arrupe aretoan

- 15:00 Hitzaldia: "Gizarte sareak: komunikazio aukerak eta arriskuak"

            Hizlaria: Lorena Fernandez, Deustuko Unibertsitatea

- 14:45 Saio praktikoak Batxilergoko ikasgeletan

           + Bilboko Merkataritza Ganbera (marketing eta publizitatea)

           + Deustuko Unibertsitatea (gaurko hezitzaileen erronkak)

           + Nafarroako Unibertsitatea (osasun arloko esperientziak)

           + EHU (energia berriztagarrien esperimentuak)

           + U-tad, Madrid (teknologia eta diseinua bideojokoetan)

- 16:00 / 19:00 Berbaldi informatiboak ekitaldi aretoan

           + 16:15 Mondragon Unibertsitatea

           + 16:45  Training Caravan (BC3 Basque Centre for Climate Change)

           + 17:45 Nafarroako Unibertsitatea

           + 18:15 Deustuko Unibertsitatea (txertatze laborala eta lan aukerak)

- 16:00 / 19:00 Informazio guneak ikastetxeko liburutegian

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!