Biribilgune berriagaz, semaforo barik geratuko da Durango

Anboto 2013ko urt. 18a, 09:14
PSE-EE alderdiak prentsa oharra bidali du, gogorarazteko aurrekontuei eurek egindako zuzenketa baten ondorioz garatuko dela Frau Juan Zumarraga eta Alluitz kaleen arteko biribilgunea
PSE-EE alderdiak prentsa oharra bidali du, gogorarazteko aurrekontuei eurek egindako zuzenketa baten ondorioz garatuko dela Frau Juan Zumarraga eta Alluitz kaleen arteko biribilgunea.

 

Argi berdea Frai Juan Zumarraga eta Alluitz kaleen arteko biribilguneari. Astelehenean hasi ziren bidegurutzeko obrak, eta martxorako amaituta egon beharko lukete, zehaztutako epearen arabera. Durangon geratzen diren azkenengo hamalau semaforoak kentzea ekarriko du horrek, baita herrirako sarrera garrantzitsuetako bat eraberritzea ere. Asteon, Iurreta eta Durango lotzen dituen espaloia altxatzen hasi dira beharginak.

 

PSE-EE alderdiak prentsa oharra bidali du, gogorarazteko aurrekontuei eurek egindako zuzenketa baten ondorioz garatuko dela egitasmoa. “EAJk obra bi urtez atzeratu duen arren, azkenean burutzea lortu dugu”. Udalak 257.730 euroko partida bideratu du biribilgune berria egiteko.

 

Sozialisten bozeroale Pilar Riosek obraren beharra nabarmendu du: “Durangoko semaforo guztiak kentzea eragingo du, eta inguruko bidegurutzeak ordenatuko ditu, oinezko, bizikletari eta gidarien mugikortasuna hobetuta”. Izan ere, biribilguneari eskerrak, Lehendakari Agirre eta Mikeldi kaleetako bidegurutzeetan ere semaforoak desagertuko dira. Riosen arabera, herritarrek irmotasunez egindako eskaera bati erantzungo dio obrak. “Ilarek eragindako kutsadura atmosferiko eta akustikoa murriztuko da eta, gainera, jasotako pasabideei eskerrak, trafikoa lasaituko da”. Beste alde batetik, Riosek esan du bizikletetarako bidegorriaren zati berri bat egiteko aprobetxatuko dutela.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!