"Produktu ekologikoen inguruan nahasmen eta esnobismo handia dago"

Anboto 2013ko urt. 25a, 08:32
Urtebete daroa Marisatsa elkarteak produktu ekologien lokalagaz Alluitz kalean; natura zainduz ekoizten diren produktuen aldeko apustua egin dute

Urtebete daroa Marisatsa elkarteak produktu ekologien lokalagaz  Alluitz kalean; natura zainduz ekoizten diren produktuen aldeko apustua egin dute.

 

Martitzen arratsaldez Marisatsako lokalak ateak zabaldu ditu. Elkarteko kideek asteko erosketak egiteari ekin diote. Baserritar bat bere ortuko jeneroagaz osatutako otzarekin dator. Hau ez da ohiko denda bat. Elkarteko kideek produktu ekologikoak eskuratzeko zabaldutako lokala da. Elkartea 1999an sortu zuten Elorrioko Elorrixa ekologia taldearen laguntzagaz.

 

 

Azken urteotan produktu ekologikoen kontsumoa asko hazi da. Nabaritu al duzue elkartean aldaketarik?

Lehen, produktu ekologiko batzuk topatzen zenituen herboristerietan, eta orain, denda espezializatuak zabaltzeaz gainera, supermerkatu handietan ere sail bereziak ipintzen dituzte. Duela 30 urte, inguruko baserritarrari erosten genion esnea, eta dendetan edo plazan bertoko ortuariak erosteko aukera izaten genuen. Supermerkatu handiak zabaltzen joan dira, eta kalitateari baino gehiago begiratu diote diruari. Baserritar batzuk merkatu horretatik kanpo geratu ziren. Frantzian edo AEBetan, esaterako, ekologikoaren kontzeptua lantzen hasi ziren.

 

 

Zelan ulertzen duzu zuk produktu ekologikoen kontzeptua?

Produktu ekologikoen inguruan nahasmen eta esnobismo handia dago. Ezaugarri nagusi bi izan behar ditu: alde batetik, kontsumitzaileari natura errespetatzen duen produktu bat eskaintzea da. Bestetik, garrantzitsua deritzogu inguruko ekoizleak zaintzeari, bai eta bidezko merkataritza defendatzeari ere.

 

 

Garestia al da produktu ekologikoen merkatua?

Adibide bat jartzearren, arrautza ekologiko batzuk erosi gura badituzu, ekoizpenaren kostua ezin daiteke modu masiboan jarduten duten enpresa handiekin alderatu. Derrigor izan behar dute garestiago, ekoizpen prozesuak kostu handiagoa duelako. Hala ere, abusu handiak egin dituzte arlo honetan, ekologikoa elitismoagaz lotu gura izan baitute. Gure dendan bertako ekoizleen frutak dendakoak baino merkeagoak dira, zuzenean erosten dizkiegulako. Laranjak 1,50 euroan ditugu, eta sagarrak 1,80 euroan. Gainera, gure helburua ez denez dirua irabaztea, ez dugu preziorik kargatzen.

 

 

Geroago eta ekoizle gehiago dago.

Espainiar estatua produktu ekologikoen ekoizle handiena da Europan, bai eta gutxien kontsumitzen duena ere. Produkzioaren zatirik handiena esportatu egiten da. Ikerketa baten arabera, estatuan, %0,7k bakarrik daki zer den ekologikoa.

 

 

Zer ekintza antolatzen du Marisatsak?

Ekokontsumo federazioko kide gara. Elorrioko azoka ekologikoan parte hartzen dugu, eta Durangon ere antolatzen dugu. Plateruenean produktu ekologikoen dastaketa bat antolatu genuen, eta ikastaroak ere prestatzen ditugu lokalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!