Landako Gunean izango da azoka, urtarrilaren 25ean eta 26an. Berdeago egitasmoak antolatu du, eta "ikasteko eta ondo pasatzeko" aukera egongo dela azaldu dute.
Auto elektriko eta hibridoak probatzeko aukera, ludotekan esperimentuak egiteko txokoa, hitzaldiak eta ingurugiro arloan dabiltzan 40 enpresa baino gehiago... Landako Gunean Ingurugiro Jasangarriaren Euskal Azoka egongo da datorren asteko asteburuan.
Berdeago izeneko egitasmoko kideek antolatu dute azoka, eta bertako Iñigo Peñak azaldu duenez, azokan “gutxiago kontsumitzen ikasi ahalko da, ondo pasatuz”. Berbaldien artean, energia berriztagarrien gaia eta kutsadurak osasunean duen eragina landuko dute.
Kuadriziklo elektrikoa zozketan
Azoka promozionatzeko Berdeago egitasmoko kideek kuadriziklo elektriko bat -Renault Twizy bat- zozkatuko dute. Kalerik kale ibiliko dira txartelak saltzen. Mondragon Unibertsitatean Ekintzailetza eta Berrikuntza Lidergotza gradua ikasten dabiltzan zortzi ikaslek osatzen dute Berdeago egitasmoa.