Terrazen udal ordenantza, itsu baten ikuspegitik

Anboto 2013ko urt. 11a, 08:53
Kalean ibiltzerakoan, itsuen erreferentzia horma izan ohi da; arautegi berriak hormaren eta terrazen artean espazio bat uztea exijituko du

Kalean ibiltzerakoan, itsuen erreferentzia horma izan ohi da; arautegi berriak hormaren eta terrazen artean espazio bat uztea exijituko du.

 

Kazetariagaz hitzordura, ordubetez tren geltoki berria ezagutzen eta memorizatzen ibili ostean agertu da Eli Berasaluze (Durango, 52 urte). Ez du arazo handirik topatu geltokian: "Zer gutxiago, XXI. mendean. Sinpleagoa egin ahal izango litzatekeela? Segurutik, eta praktikoagoa eta merkeagoa ere bai". Baina, ez da gaurko gaia. Terrazen udal ordenantza berriak itsuen bizimoduan lagundu ahal duena erakutsi gura du Berasaluzek. Eskutik heldu eta Ezkurdiko estalpeko hormara joaten laguntzeko eskatu du. "Gure gida horma da, bastoiaren gida da. Horregatik egon behar da espazio bat hormaren eta terrazaren artean. Ez da kapritxo bat, beharra da". Urrian onartutako arautegi berriak espazio hori egotea exijitzen du –kalearen arabera, metro bi gutxienez–, baina errekurtsoak tarteko oraindik ez dago indarrean. Hori frogatzen da estalpetik aurrera joan ahala, Berasaluzek terrazekin topo egin du-eta. Pareta libre ez edukitzera, erreferentzia galdu eta arazoak dauzka aurrera egiteko. Ordenantza, pauso garrantzitsua dela uste du: "Ezgaitasunak dauzkagunon helburua autonomoak izatea da, inori laguntza eskatu barik, eta horretan laguntzen du".

 

\"\"Terrazak igarota, etxe-atari batean aurkitu du erreferentzia bere bastoiak. Gizon bat ateratzekotan dago, baina geldi eta isilik geratu da. "Txarrena isiltasuna da, ez dakizulako baten bat dagoen edo ez. Batzuk isilik eta geldi geratzen dira, ezjakintasunagatik". Jendeagaz inoiz ez ei du arazorik eduki, eta borondate onagaz terrazen erabiltzaileek ere neurria ulertuko dutela uste du. Taberna baten kanpoan mahai altu baten kafea hartzen daude lagun bi, eta horiekin topo egin du; adeitsu lagundu diote. Horrelako mahaiak ipini ahal izango dira aurrerantzean ere, baina zabalera handiena behean eduki beharko dute; bestela, itsuek goiko aldeagaz tupust egin ahal dute.

 

Ezkurdi ez da arazoak eduki dituen leku bakarra. Andra Maria inguruan jendeagaz eta terrazekin kontzentrazio handia egoten dela esan du. "Goienkalen ere sarritan segurtasun barik sentitu naiz". Normalean, bastoiagaz barik txakurragaz irteten du kalera. Berak lekuak ezagutu eta txakurrari erakusten dizkio, aginduen bidez. "Txakurrak oztopo horiek kentzen dizkit".

 

Ezkurdin berriro buelta hartu eta etxerako bidean doa Berasaluze. Jendeak egunerokoan kontuan hartuko ez lituzkeen hainbat xehetasun dauzka memorian gordeta. Honela hausnartu du: "Gaur egun, irudiaren munduan bizi gara, eta jendearentzako agian, gauza asko dira aldi berean barneratzeko. Gu, irudia ez izatera, igual gehiago heltzen gara oinarrizkora".

 


"Beti tokatu izan zait borrokatzea"

 

Emakume borrokalaria da Eli Berasaluze. Duela pare bat urte hasi zen terrazen gaiaren inguruan mugitzen. Herritarren Arreta Zerbitzuan idatziak aurkeztu zituen. "2011ko udal hauteskundeen aurretik alkatearen gutun bat jaso nuen, esanez irailean ekingo ziotela gaiari. Eta, gaur arte, berdin gaude". Denbora honetan zehar Arartekora ere jo du bere kexagaz.\"\"

Ordenantza 2012ko urrian onartu zuen udalak, tabakoaren legearen ondorioz terrazak ugaritzen direla-eta. Horren barruan, oinezkoak eta ezinduak kontuan hartu dituzte. Alegazio epean dago orain. Baina, Berasaluzeren ustez, dagoeneko ezarrita dauden terrazek espazioa uztea bultzatu beharko luke udalak. Politikariei eskaera egin die: "Boterea daukatenak kalera irten daitezela, entzun dezatela. Distantzia bat markatu ohi dute, eta hori ez dago ondo".

Berasaluzek gradualki galdu du ikusmena: "Beti tokatu izan zait borrokatzea". Gogoan du, duela 21 urte, enpresa batean lanean egon eta ezinduen hitzarmena aplikatu ziotela, ‘normalena’ beharrean. "%40 gutxiago kobratzen nuen. Nire betebeharrekin kunplitzen badut, zergaitik ez dauzkat ikusten dutenen eskubide berberak?".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!