Greba mugabakoa hasi dute Odi-Bakar enpresan

Anboto 2013ko urt. 9a, 11:00
Greba mugagabean daude astelehenetik Odi-bakar enpresako langileak. Enpresa Komiteak dio enpresaren egoeraz berba egin eta akordioak bilatzeko prest dagoela, beti ere alde biak \"aukera berdinetan\" baldin badaude

Greba mugagabean daude astelehenetik Odi-bakar enpresako langileak. Enpresa Komiteak dio enpresaren egoeraz berba egin eta akordioak bilatzeko prest dagoela, beti ere alde biak "aukera berdinetan" baldin badaude.

 

Enpresa Komiteak zenbait eskari zuzen egin ditu: barne akordio bidez azken Lan Erreformak  enpresa buruei eman dieten aldebakartasuna berriro ere orekatzea; aldebakartasunezko soldata jaitsiera  edota lan orduen  luzapena mugatzea eta horretarako akordioa behar izatea bermatzea, eta derrigorrezko arbitrajerik ez egotea edo hitzarmenak denbora mugarik eta kaduzitatirik ez edukitzea, besteak beste.

 

2010eko maiatzetik daude elkar-kateatutako enplegu suspentsio espedienteekin, Enpresa Komiteak jakin eragin dutenez. Azkena, abenduaren 21ean amaitu zen. Horien eraginez, kaleratzeak ere egon dira salatu dutenez. LAB eta ELAko ordezkari bina eta delegatu independiente batek osatzen dute Enpresa Komiteak egoerak arduratuta enpresaren zuzendaritzagaz bilera eskatu zuen abenduan, azken enplegu-erregulazio espedientea amaitzean zer gertatu zitekeen  argitzeko. Beste enplegu-erregulazio espedienterik ez zela egongo eta "neurri gogorragoak" etorriko zirela izan zen enpresaren erantzuna, Enpresa Komiteak nabarmendu duenez, eta gabonak amaituta hitz egingo zutela.

 

"Mehatxu zuzen" legez hartu zuten erantzun hori langileek eta argibide gehiago eskatu zioten enpresaren zuzendaritzari eta greba mugagabea iragarri zuten, "mehatxurik" onartzen ez dutela argi uzteko. Urtarrilaren 4ra arte, enpresaren zuzendaritzagaz "akordioetara iristeko" ahaleginetan jardun dute langileen ordezkariek. Hala ere, "etengabeko ezezkoa" jaso dute erantzun moduan, gaineratu dutenez.

 

Astelehenean 05:30ean enpresaren aurrean egon ziren langileak eta komiteko ordezkariak, azaldu dutenez, eta azken horiei enpresara sartzen ukatu zietela jakin eragin dute. Horren aurrean Lan Ikuskaritzan salaketa sartu dute. Aurretik ere salaketa bat sartu zuten: "Izan ere, lan egutegiaren arabera enpresa itxita egon behar bazen ere, enpresako zuzendaritza kamioiak kargatzen ibili da. Oraindik ez dugu enpresara sartzea lortu eta horrek barruan gertatzen ari denaz susmo txarra sortu du langileen artean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!