'Gau irekia' egingo dute zapatuan +dendak elkarteko merkatariek

Anboto 2012ko abe. 19a, 10:12

\"Gabonetako salmenta apur bat ahul doa\", esan dute elkarteko ordezkariek. Bultzada eman gura diote

"Gabonetako salmenta apur bat ahul doa", esan dute elkarteko ordezkariek. Bultzada eman gura diote.

 

Zapatu honetan, abenduaren 22an, Gau irekia egingo dute +dendak elkarteko merkatariek. Durangon lehenengo aldiz garatuko da ekimen hau, ordezkariek azaldu dutenez. 41 saltokik parte hartuko dute, eta identifikazio legez alfonbra gorri bat edukiko dute sarreran. Arratsaldeko 19:00etatik 23:00etara zabalduko dituzte komertzioak, eta erosketak sustatzeko zozketak eta deskontuak eskainiko dituzte. Erosketak egiten dituztenen artean, 100 euroko balioa daukaten hiru erosketa-txartel zozketatuko dituzte, baita otzara bat ere. Gainera, komertzio bakoitzak bereizgarri propio bat eratuko du. Esate baterako, ardua, bonboiak, eta opariak egongo dira zenbait lekutan.

 

Prentsaurrekoan +dendak elkarteko ordezkariek eta merkatariek parte hartu dute. Adierazi dute ekimenagaz bultzada eman gura diotela Gabonetako salmentari: "Apur bat ahul doa", adierazi dute. Egoera sektore guztietan ematen dela uste dute merkatariek.

 

Gau irekia-k irauten duen bitartean, ludoteka ipiniko dute +dendak elkarteak Plateruen plazan daukan egoitzan. Erosketaren bat eginez gero doako zerbitzua izango da, bestela 5 euro ordaindu beharko dira. Gainera, personal shopper bat ere egongo da bertan, bezeroei aholku emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!